Ispasterko elkartegiak Lea-Artibaiko jarduera enpresarial eta industrialak indartuko ditu
Gaur [otsailak 14] aurkeztu dute 8.500 metro karratuko espazioko proiektua. 2026rako aurreikusten dute Ispasterko elkartegia eraikitzea eta horretarako 8,6 milioi euroko inbertsioa egingo dute.
Gaurko [otsailak 14] aurkezpenean izan dira Garbiñe Saenz de Buruaga herriko alkatea, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Imanol Pradales Azpiegituretako eta Lurralde Garapenarako Foru Diputatua eta Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Saileko Foru Diputatua.
2026rako aurreikusten dute Ispasterko elkartegia eraikitzea eta horretarako 8,6 milioi euroko inbertsioa egingo du Bizkaiko Foru Aldundiak. Hain zuzen ere, helburua da Lea-Artibaiko enpresa eta industria jarduera bultzatzea. “Elkartegi berria azpiegitura estrategikoa izango da Lea-Artibai eskualdeko ekonomia biziberritzeko eta bertako industria eta zerbitzu bsarea indartzeko. Lea-Artibain garapen ekonomikoa, berrikuntza eta enplegua sortzeko katalizatzailea izango da enpresa-zentro berri hau”, ziurtatu du.
Elkartegiak 7.500 m² izango ditu industria-nabeetarako eta 1.000 m² bulegoko moduluetarako. “Talentua erakartzeko ekosistema eta berrikuntza gunea izan nahi du funtsezko sektoreetan, hala nola 4.0 industrian eta ezagutzan”. Gainera, elkartegi honek bestelako aukerak eskainiko dituela adierazi du eskualdeko enpresa “asko hazteko eta hedatzeko, inguruko hiri-garapenak xurgatu dituen jarduera ekonomikoek birkokatzeko aukera izango baitute”.
Alde horretatik, elkartegiaren kokapen estrategikoa nabarmendu dute, Lekeitioko portutik hurbil dagoelako. Horrek, ahalmena ematen dio kirol-nabigazioari lotutako jarduerak garatzeko, besteak beste, ontziak saldu, mantendu eta konpontzeko eta horiekin zerikusia duten produktuak merkaturatzeko. “Jarduerok eremu handiak behar dituzte, bai estaliak, bai aire zabalekoak, hainbat operazio egin ahal izateko, adibidez ontziak altxatzeko eta mantentzeko; hala ere, gaur egun ezin dira portuan egin, espazio-mugak direla eta”.
Ispasterko elkartegia enpresa mota desberdinen beharrizan espezifikoei erantzuteko diseinatuta dago. “Elkartegi berri honek tokiko ekonomia suspertzea eta inbertsioak erakartzea ez ezik, Lea-Artibaiko komunitatearen bizi-kalitatea hobetzea ere bilatzen du, enplegu-aukerak eskainiz eta enpresa-ingurune berritzaile eta iraunkorra sustatuz”.