Aldarteari eta enpatiari buruzko hitzaldia antolatu dute Beti Jaiko jubilatuek
Astelehenean [otsailak 19] 17:00etan elkartuko dira kultur aretoan. Interesa duen edonor joan daiteke hitzaldira.
Markina-Xemeingo Beti Jai jubilatuen elkarteko kideek aldarteari eta enpatiari buruzko hitzaldi saioa antolatu dute. Astelehenean, otsailaren 19an, jarri dute hitzordua, 17:00etan Markina-Xemeingo kultur aretoan. Aiora Garcia Donis psikologian eta giza baliabide eta talentuan adituak emango du hitzaldia, bi zatitan banatuta. Hasteko, Egoera animikoak nola eragiten du gure autoestimuan? izenburupean ariko dira lehenengo zatian, eta bigarren zatian, berriz, Nola izan gaitezke enpatikoak, eta landu daiteke enpatia? gaiaren inguruan ariko dira. Jakinarazi dutenez, edonor joan daiteke hitzaldira, eta ez da sarrerarik beharko.
Ibilaldia, pozik. Atzo [otsailak 14] Beti Jaikoek ibilaldia egin zuten herriko kaleetan zehar. “Giro ederra” lagun, 16:30ean elkartu ziren udaletxe aurrean, eta San Agustin kaletik Arretxinaga joan ziren. Hortik, Barroetara, bide gorrira eta kiroldegira joan ziren. Amaiera, jubilatuen elkarteko egoitzan kopaua egin zuten: “30 pertsona inguruk hartu genuen parte, eta giro ederrean ibili ginen. Kopaua ere ederra izan zen”.

Argazkia: Beti Jai.