Eskaintzaz josita datoz Radixu Irratiaren 48 orduak
21 irratsaiok osatuko dute egitaraua, tartean, hiru irratsaio berezi eskainiko dituzte. 105.5 fm edo irratiaren webgunean entzuteko aukera egongo da.
Ondarroako Radixu Irrati libreak 33 urte daramatza komunikazio bidearen jardunarekin, ahozko transmisioari eusten. Kanpandorreko estudiotik entzuleen belarrietara helduz, urteroko hitzorduaren ordua ailegatuko da bihar [otsailak 16]; Radixu Irratiaren 48 orduak hasiko dira 20:00etan.
Informazioa, musika, kirola eta solasaldiak ez dira faltako 21 irratsaioz osatu duten etenik gabeko egitarauan. Urteurrenak lehengo eta oraingo irratsaioez osatzen duituzte, eta aurten ez da gutxiago izango; egun martxan dauden 8 irratsaiok, lehengo 10 irratsaiok eta 3 irratsaio berezik osatuko dute egitaraua.
Uxola irratsaioak magazin berezia eskainko du Jon Iñaki Artetxe kultura zinegotziaren eta herriko elkarte eta eragile ezberdinen parte hartzearekin: Aurrera, Karenka, Danonartin…
Urtero egiten dute irratsaio berezi bat oihartzuna izan duen gai baten inguruan, iaz, Pablo Gonzalez kazetariari eskaini zioten saioa, aurten, Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra izango da gaia. “Urteroko irratsaio berezia urtean egondako gertakizunen artean zerbait nabarmendu nahi izaten dugu, aurten, grebak izandako oihartzuna ikusita, leku bat ematea erabaki dugu”.
Horrez gain, Ene Efe Ele futbol amerikarrari buruzko saioa eskainiko da, “normalean ez da egiten, hortaz, zerbait berezia izango da”. Hirugarren saio berezia, ostera, blues musika ardatz izan ohi duen Kritikal Blues irratsaioari omenaldia izango da, irratian 10 urtez egin duen ibilbideari errekonozimendua eginez. “10 urtez egon dan irratian eta iaz egin zuten azken denboraldia. Hortaz, radixu irratian egindako ibilbideari omenaldia izango da” .
Bereziak berezi, urtero hutsik egiten ez duten irratsaioak ere egongo dira, baita noizean behin animatzen direnak ere. Esaterako Uxola irratsaioa osatzen dutenak “pila bat urtez animatu izan dira”, eta aurtengo 48 orduak izango dira azkenengoak. “Uxola irrati magazinaren azkenengo saioa izango da. Gure aldetik eskertza egitea geratzen zaigu”. Saio berezia osatuko dutela aurreratu dute, Ion Iñaki Artetxe Kultura zinegotzia izango dute gonbidatu eta herriko elkarte eta eragile ezberdinek parte hartuko dute, tartean, Aurrera, Karenka eta Danonartin.
Nahi adina aukera eskainiko dute 48 orduen baitan, hortaz, entzuleak animatu nahi dituzte, etxean, autoan, tabernetan… 105.5 FMn edo irratiaren webguneren bitartez entzuteko. “Ipini Radixu eta entzun gaitzazue, dendetan, etxean…”.