'Hil arte bizi' tailerren aurkezpena egingo dute Lekeition
Aurkezpena astelehenean [otsailak 19] izango da. Horren ostean Nere Erkiagak zortzi tailer emango ditu.
Lekeitiarrek heriotzari buruz hausnartzeko aukera edukiko dute ‘Hil arte bizi’ tailerren bitartez. Hain zuzen ere, astelehenean [otsailak 19], 18:00etan, Nere Erkiagak tailerren aurkezpena egingo du kultur etxeko Azkue aretoan.
Horren ostean zortzi tailer emango ditu Erkiagak: “Tailerren helburua da heriotzaren aurrean herritar modura ahalduntzea eta oinarrizko ezagutza jasotzea, ondoren bakoitzak ikusteko zer erabaki hartu nahi dituen”.
Aurkezpenerako sarrera librea den arren, tailerretan parte hartzeko izena eman beharko da Lekeitioko Udalaren web orrian. Astelehenean [otsailak 19] zabalduko dute izen ematea, eta martxoaren 1a baino lehen egin beharko da. Heriotzaren aurrean herritarrek dituzten eskubideak zeintzuk diren eta norbere erabakiak argitzeko tailerrak dira; ez da egokia doluan daudenentzat.