Ekainaren 21etik 23ra egingo dute Helmugak Erronka
Ander Txakartegik eta Yago Rodrigezek astelehenetik aurrera [otsailak 26] Andaluzia Bike Race lasterketan parte hartuko dute ekimenari zabalkundea emateko helburuagaz.
Bueltan da Helmugak Erronka: Haurren gaixotasun desberdineko aldeko erronka solidarioa. Euskara, kirola, natura eta pertsonen balioak uztartu eta abenturak biziaz, ekintza solidarioak burutu eta euren aldarria mundu osora zabaldu. Hori da, Helmugak proiektuko kideek 2015az geroztik bilatzen dutena.
2020an egin zuten lehen aldiz Berriatuan, eta bi urterik behin egitea erabaki zuten, beraz, aurten ere egingo dute. Ekainaren 21, 22 eta 23an egingo dute erronka, eta horregaz, batera jaialdi solidarioa. “Jai giroa asteburu guztira zabaldu nahi dugu”. Diru bilketa kanpaina dagoeneko martxan jarri dute eta parte hartzeko eta laguntzeko deia egin du berriatuarrak.
Hain zuzen ere, aurtengo zabalkunde kanpaina astelehenean [otsailak 26] hasiko du Ander Txakartegi antolatzaileak, Yago Rodriguezegaz batera. Otsailaren 26tik martxoaren 2ra bitartera Andaluzia Bike Race parte hartuko dute. Munduko Txapelketako lasterketa da eta Espainiar Estatuan egiten den gogorrenetarikoa, hain zuzen ere, probaren “maila eta garrantzia” nabarmendu du Txakartegik. 340 kilometro dira sei etapetan banatuta eta guztira 9.400 metroko desnibela Jaen eta Cordoba inguruan.
Abiapuntu. Helmugak taldeko kideek parte hartzen duten lasterketa guztietan bezala, helburua dinamikari zabalkundea ematea izango da. Andaluziakoa, hain zuzen ere, abiapuntua izango da. Dagoeneko promozio bideoak grabatu dituzte Helmugak erronkan parte hartzeko deia eginez, lehendabizikoan, adibidez, Igor Anton txirrindulari ohiak parte hartu du.
“Ohi legez, sare sozialen bidez jarraipena egingo dugu bideoekin eta argazkiekin, ahalik eta zabalkunde handiena emateko helburuagaz”, azaldu du Txakartegik. Gainera, aurtengo lasterketaren gogortasuna nabarmendu du, ez bakarrik bide gorabeheratsuak direlako, eguraldia, lehen egunetan behintzat, txarra izango delako. “Ez dut hotza eta euria ondo eramaten, nahiago beroa”.
Hiru etapa izango dira, guztira 650 kilometro inguru Euskal Herriko txoko asko zeharkatuz
2024ko erronka “herrikoia” izango dela aurreratu du Txakartegik. Hiru eguneko luzapena izango du, eta hiru etapa, guztira 650 kilometro inguru Euskal Herriko txoko asko zeharkatuz. Aspanovas, Aspanogi, Bihotzez eta Arnasa elkarteagaz batera eramaten du aurrera ekimena. Bizipoza elkarteak egoitzak dituen herrietatik pasako dira. “Jendeak, bakoitzak ahal duen heinean, lagundu eta parte hartzeko ibilbidea antolatu dugu, ahalik eta herritar gehienek, adibidez, gurekin kilometroak egiteko”. Lehen etapan Donostiatik Iruñara arteko bidea egingo dute, bigarrenean Bergara, Durango, Bilbo edota Gernika-Lumo zeharkatuko dituzte eta azken egunean Matxitxako bisitatuko dute, bertan familia argazki bat ateratzeko.
Berriatuko jaialdi solidarioan, besteak beste, Lekittoko Deabruak, Ene Kantak edota Mugertza anaiek parte hartuko dutela eta askotariko ekimenak antolatuko dituzte ohiko paella solidarioa edota umeentzako musika eta jolas ekintza asko. Hain zuzen ere, egun osoko jai giroa sortu nahi dute eta San Juan suagaz elkartu eta borobiltzeko.