Abenduan hasiko dituzte Markina-Xemein eta Etxebarria arteko bidegorriko lanak
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Etxebarriko Udalak hitzarmena sinatu dute. Lanek urtebete iraungo dutela aurreikusten dute eta aurrekontua 3.412.705 eurokoa izango da.
Markina-Xemein eta Etxebarria lotuko dituen bidegorria errealitate bilakatuko da. Markina-Xemeingo saihesbideko lanak aurrera doazen bitartean, abenduan hasiko dituzte bidegorria sortzeko lanak BI-2636 errepidean. Ibilbidea 1,45 kilometroko luzaera izango du eta kirol aisialdiko azpiegitura ez ezik, mugikortasun jasangarriko mota guztietako joan-etorrietarako “benetako alternatiba” ere izango dela esan dute.
Hain zuzen ere, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Etxebarriko Udalak hitzarmena sinatu dute errepideagaz batera bidegorria osatzeko. Lanak bi zati eta fase desberdinetan garatuko dituzte. Lehenengoa egungo BI-2636 errepidearekiko paraleloan joango da, Etxebarriko Munibe Jauregiko ate nagusiaren aurrean abiatu eta galtzadaren eskuinaldetik Urko ibaiarekiko bidegurutzea igaro arte. Trazadura proiektua onartuta dago jada, eta aurreikuspenen arabera, eraikuntza proiektua apirilean onartuta egongo da. Era berean, etxebizitzetarako sarbideak berrituko dituzte.
Bigarren fasean, lehenengoaren jarraipena izango dena, eta Markina-Xemeingo herriguneagaz lotzeko aukera emango du, gaur egun egiten ari diren saihesbide berriaren elkargunea igaro ondoren. Egungo espaloia aprobetxatuko da bizikleta eta oinezkoen ibilbide bereizi bat egiteko, ondoren bizikleta bide hau udal bideetan integratzeko, eta bide hori erabilera partekatukoa izango da. Tarte horretako eraikuntza-proiektua maiatzean onartzea aurreikusten dute, eta obrak Markina-Xemeingo saihesbideko obrekin koordinatu beharko dituzte.
Lanek urtebete iraungo dute eta aurrekontua 3.412.705 eurokoa izango da; munta horretatik 2,46 milioi Bizkaiko Foru Aldundiaren kontura izango dira, eta gainerako 950.000 euroak Etxebarriko Udalaren kontura.