Adimen artifizala eta euskara, aztergai Zientziaren Giltzaken hitzaldian
Eneko Agirre Bengoa adituak bideratuko du saioa; otsailaren 26an, 18:30ean, Kofradia Zaharrean.
Ondarroako Zientziaren Giltzak Elkarteak Mundua suntsitzean, adimen artifizialak euskaraz egingo ote du? hitzaldia antolatu du. Eneko Agirre Bengoa EHUko HiTZ Hizkuntza Teknologiako Zentroaren zuzendaria eta Adimen Artifiziala eta Hizkuntza Teknologia katedraren arduradunak eskainiko du hitzaldia otsailaren 26an, 18:30ean, Kofradia Zaharrean.
Saioan adimen artifizialaren mugak eta arazoak izango dira izpide: “Adimen artifizialaren eskutik, pertsona eta makinen arteko harremana aldatzen ari da oso azkar, hizkuntzari lotutako tresnen bidez batez ere. Iragarpen katastrofikoak egin dira, tartean makinek adimentsu bihurtu eta gure zibilizazioa deuseztatuko dutela”.
Horrez gain, euskara eta hizkuntza ereduak landuz: “Gehiegikeria horietaz aparte, euskaldunok baditugu aparteko kezkak: Adimen artifiziala euskaraz arituko da? Hala bada ere, euskal kulturaren jakitun izango da? Hitzaldian GPT bezalako hizkuntza-ereduak nola eraikitzen diren eta euskaraz aritzea nola lortu aztertuko da, ikerkuntza eta elkarlanaren beharra aipatuz. Bide batez halako ereduen mugak eta arazoak ere aipatuko dira, eta aurrera begirako ikerkuntza galderak”.