Emakumezkoak, kantxara
Emakumezkoen palazko, eskuzko eta zestazko partidak jokatuko dira domeka honetan [otsailak 25] Etxebarrian. 11:30etan hasiko dira, eta sarrera doakoa izango da.
Emakume Pilotarien Jaialdia ospatuko dute, estreinakoz, domekan [otsailak 25], Etxebarrian. 11:30etik aurrera, emakumezkoen palazko, eskuzko eta zestazko partidak jokatuko dituzte udal pilotalekuan. Emakume Master Cupek eta Etxebarriako Udalak elkarlanean antolatutako jaialdia da. Ez da sarrerarik ordaindu beharko.
Lehenengo partidua, 11:30etakoa, palazkoa izango da; Sare Arteaga eta Eider Perezek osatutako bikoteak Jaione Fernandez eta Jone Merinoren aurka jokatuko du. Bigarren partidua eskuzkoa izango da; Etxegarai-Gaminde bikotea Larrarte-Bergararen aurka. Hirugarrenean eta azkenengoan, zestazkoan, Ihart Arakistainek eta Maialen Aldazabalek, Elaia Gogenolaren eta Frida Watkinsen aurka jokatuko dute.
Udaletik uneoro gabiltza emakumezkoen kirola sustatu nahian
Jaialdia antolatzeko proposamena Etxebarriko Udalera iritsi zenean ez zuten antolatzeko dudarik izan: “Jaialdia antolatzeko aukera genuela esan zigutenean, ez genuen birritan pentsatu: baiezkoa eman genuen. Udaletik uneoro gabiltza emakumezkoen kirola sustatu nahian eta, gainera, martxoaren 8a horren hurbil izanda, aukera paregabea iruditu zitzaigun”, azaldu dute.
Jarraitu beharreko bidea, argi.
Etxebarriko Udalak denboratxoa darama herriko kirol ikuskizunetan emakumezkoen presentzia bermatzen. Horrela gogoratu dute: “Azkenengo urteetan beti saiatu izan gara emakumezkoen kirola sustatzen. Santiago Egunean, esaterako, gizonezkoen zein emakumezkoen partidak antolatu genituen jaialdi berean, eta izugarrizko arrakasta izan zuten. Hori da jarraitu beharreko bidea”.
Jakinarazi dutenez, Etxebarrira kirol ekitaldiak ekartzen jarraituko du udalak. “Etxebarrian kirolari pila bat dugu. Herri kirolaria gara, eta ohitura horrekin jarraitu nahi dugu. Gainera, herriko kirol taldeak ere ekitaldiak antolatzen ditu, eta horrek giroa sortzen du herrian”, oroitu dute antolatzaileek. Horrez gain, aitortu dute domekan frontoian giro “aparta” espero dutela. Jendea frontoira hurbiltzera animatu gura dute, emakumezkoen kirola babesteko “aukera aparta” baita.
Domekako jardunaldiaz gain, antolatzaileek gogorarazi dute martxoaren 3rako Etxebarriko emakumezko kirolariz osatutako mahainguru bat antolatu dutela. Herritar zein eskualdekide denak gonbidatu dituzte ekitaldira.