45 markina-xemeindar elkartu dira sakelakoen erabilerari buruz gogoetatzeko
Miren Ros adituaren hitzaldia eskaini dute Markina-Xemeingo Altzau Burue! taldeko kideek; balorazio positiboa egin dute.

Atzo [otsailak 22] 45 markina-xemeindar inguru elkartu ziren sakelako telefonoen erabilerari buruz gogoetatzeko. Hitzaldia kultur aretoan egin behar zuten arren, matxura baten ondorioz argirik gabe geratu zen aretoa, eta udaletxeko osoko bilkura aretoan egin zuten. Altzau Burue! Markina-Xemeingo taldeak antolatu zuen hitzaldia, eta balorazio positiboa egin dute: “Sentsazio onekin irten ginen. Aretoa goraino bete zen. Zaintza eta itzulpen zerbitzuak erabili ziren, eta pozik gaude horrekin ere”.
Miren Rosek eman zuen hitzaldia, eta bi zatitan banatu zuen. Hasteko, egoera errealetan oinarrituta norberak hartu ditzakeen erabakien inguruan aritu zen sakelakoen eta pantailen erabilera gutxitzeko, edo behintzat, modu konszienteago batean egiteko: “Hainbat gai aipatu zituen: sare sozialen erabilera, etxeko egoera arruntetan bi pantaila batera ez edukitzea… Denak ere erabakiak hartzeko unean kontuan hartu beharko genituzkeenak. Hori gurasoentzako etxeko lan bezala ere jarri zuen”.
Horren ostean, berriz, komunitatean egin daitezkeen lanetan zentratu zuen hitzaldia, Altzau Burue! edo Guk 16 bezalako taldeen garrantzia azpimarratuz: “Azkenean, haur eta nerabeen pantailen erabilera askotan inguruak baldintzatzen du, eta gaia landuz gero beharrizana ere gutxitu egiten da”. Egoera arrunt eta ez hain arruntak landu zituzten, eta hainbat datu ere partekatu zituen bertaratutakoekin: “Zenbait ebidentzia azaldu zituen, esterako, haur eta nerabeek galdu egiten dutela momentuan momentukoari erantzuteko gaitasuna. Pantailek haurtzaroa murrizten dutela ere nabarmendu zuen”.
Aurrera begira. Rosen hitzaldiaz gain, Altzau Burue! taldeko kideak Markina-Xemeingo Udalarekin eta Lea-Artibaiko Amankomunazgoarekin elkarlanean dabiltza haur eta nerabeez gain, gurasoentzako ere formazio ziklo oso bat prestatzen hasteko: “Lanean jarraituko dugu eurekin ikastetxeko formazio plan jarraitua martxan jartzeko, eta baita herriari begira ere”.