'Bar Gloria'-ren emanaldiak Uhagon bete du
'Bar Gloria' liburuaren aurkezpen ezohiko bat egiteko elkartu ziren atzo [otsailak 23] Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Amorante. Uhagon goraino beteta, liburuan oinarritutako bertso saioa eskaini zuten.
Idi buru disekatua parean, eta Migel hari begira. Zin egingo luke Migelek beretzat dela begirasun hori, begira daukana horman esekitako idi buru disekatu bat ez balitz. Hala eman zion hasiera Nerea Ibarzabalek Bar Gloria liburuari, eta hala hasi zuen atzoko [otsailak 24] bertso saioa ere. Bere herrian, bere etxeko goxotasunean, Uhagon kulturgunea Bar Gloria bihurtu zuen Ibarzabalek, Uxue Alberdi eta Miren Amuriza bertsolariekin eta Amorante musikariaren laguntzagaz.
Koktel perfektua prestatzeko osagai ezin hobeak zituen esku artean Ibarzabalek, eta bakoitzetik beharrezko dosia jarrita, dotoreziaz erantzun zuten Alberdik eta Amurizak bertsotan. Entzuleak adi, denetariko gaiak taularatu zituen Ibarzabalek, denak ere liburua oinarritzat hartuz, eta bakarka nahiz binaka, konplizitatez betetako bertsoek bete zuten Uhagon. Hori gutxi ez, eta bertsoladi bakoitzaren ostean liburuko pasarte bat irakurri zuen markina-xemeindarrak, Amoranteren musikak girotuta.
Liburu aurkezpen soil bat baino gehiago, oraindik ere Bar Gloria irakurri ez duenarentzat amu ezin hobea prestatu zuten. Ibarzabal “oso gustura” aritu zen herritarren aurrean liburua aurkezten: “Oso gustura aritu naiz, arduratik baita ere, baina gustura. Uste dut giro oso polita egon dela. Emanaldia berez Markina-Xemeinerako bakarrik prestatu dugu, herrian liburua aurkezteko modu bat izan da”.
2022ko irailean argitaratu zuten liburuak ibilbide luzea egin du jada, eta atzo [otsailak 23] egindako “itxiera bat” emateko modua izan zela esan zuen Ibarzabalek: “Irakurle taldeetan aritu naiz liburua argitaratu zenetik, eta Markina-Xemeinera etortzeko deitu zidatenean pentsatu nuen agian merezi zuela irakurle taldera beste barik joatea baino, apur bat herri osoarentzako zerbait egitea. Beste aurkezpen mota bat prestatzea, eta hortik etorri da egin duguna”.