Loratu da 'Hamarreko bitxia'
Geuretik Sortuak bekagaz hamar idazleek hamar narrazio idatzi dituzte. Atzo [otsailak 23] aurkeztu zuten liburua Maddi Arozenak eta Lutxo Egiak Ziortza-Bolibarren.
Kanpoan eguraldi hotza egonagatik, etxeko berotasunean elkartu ziren atzo [otsailak 23] arratsaldean ziortza-bolibartarrak udaletxeko aretoan. Geuretik Sortuak bekagaz 22 sortzailek Euskal Herriko hamaika istorio erein, hazi eta loratzeko aukera eduki dute, 39 herritan sakanabatuta. Horietako bi izan dira Maddi Arozena eta Lutxo Egia; Arozenak Ziortza-Bolibarren egin zuen bere egonaldia, eta Egiak, Seguran. Esaerak herri txiki, infernu handi dioen arren, Arozenak eta Egiak erakutsi zuten herri txikietan ere badela berotasuna, badela goxotasuna.
Hamarreko bitxia liburuagaz besapean heldu ziren bi idazleak. Guztira hamar idazlek parte hartu dute liburuan, bakoitzak Euskal Herriko herri batean egonaldia egin ondoren idatzi duen narrazio batekin. Arozenak Ziortza-Bolibarrek idatzi zuen Gollebarren erroak luze narrazioaz gain, eskualdean sortutako literaturaren fruitua emankorra izan da. Izan ere, Saioa Alkaizak Berriatuan egin zuen egonaldia Arrazoiak narrazioa idazteko, eta Edorta Jimenezek, berriz, Mutrikun, Alkolean idazteko.
Egiak hartu zuen hitza liburuaren aurkezpenagaz hasteko. Idazle bilbotarrak Segura izan du babesleku. Azaldu zuenez, bekara ez zuen proiekturik aurkeztu, herrian murgildu, bertakoak ezagutu eta herriak zer ematen zion ikusteko asmoarekin joan zen bertara. Segura egokitu zitzaiola jakin zuenean bertako pertsonaia garrantzitsuak ezagutu nahian hasi zen, eta hala heldu zen Segundo Galarzarengana: “Halako batean jazz konpositore bat aurkitu nuen, Lisboan bizi izandakoa. Arakatzen hasi, eta jakin nuen 24 urterekin joan zela Lisboara bizitzera, udan Segurara itzultzen bazen ere familia bisitatzera. Pertsonaia oso garrantzitsua da Lisboan, beste hainbat konturen artean, kale bat ere badu bere izenarekin”.
Hori horrela, herrira heldu zenerako bazuen pertsonaia Egiak, eta gerora Lisboako lausoa izena jarri dion istorioa jostea baino ez zitzaion geratzen: “Herrira joan eta berehala konturatu nintzen ia inork ez zuela ezagutzen Galarza. Bere aita bai, baina bera ez. Hor bi osagai nituen ipuina idazteko: pertsonaia eta herriarekin duen harremana. Eta hala joan nintzen istorioa sortzen”.
Maddi Arozena: “Ziortza-Bolibarrek nire mundutxoan tokia dauka: lehen oso abstraktua zena orain oso konkretua eta oso polita da”.
Etxean bezala. Gipuzkoatik Bizkaira salto egin, eta Arozenak hartu zuen hitza. Azaldu zuenez, argi zeukan Euskal Herria banantzen duten bi mugetan gertatutako istorioa kontatu nahi zuela, eta zuhaitzek ere garrantzia berezia edukiko zutela errelatoan: “Etorri nintzen herrira pentsatuz galdetuko niela ea zuhaitzekin ze oroitzapen edo bizipen duten…”.
Baina, herrira iritsi zenean konturatu zen zuhaitzen kontuak ez zuela balio: “Ikusi nuen ez zuela balio, eta konturatu nintzen ez zuela balio horregatik penatzea. Emakume askorekin izan dut harremana, eta azkenean izugarria izan da jaso dudana”. Bi egonaldi egin zituen herrian: “Ekaineko bi asteetan bilketa lana egin nuen. Pertsonalki sekulakoa izan da iparraldeko kostaldetik etorri eta edonorekin euskaraz hitz egin ahal izatea. Horrek sekulako lasaitasuna ematen dizu eta etxean bezala sentiarazi nauzue guztiek”.
Herriari eskainia. Gizon batzuk ere elkarrizketatu dituen arren, emakumeek berebiziko garrantzia eduki dute prozesuan: “Emakumeekin topaketa bat izan da, eta batez ere, Sabinarekin berezia izan da. Batzuetan gertatzen da pertsona batekin asko konektatzen duzula, eta hala izan da. Horregatik, Sabina izena jarri diot nire pertsonaiari. Sabina horren baitan bilduak dira beste Sabina guztiak: Rosario, Karmen, Maria Angeles…”. Herritar bakoitzak emandako elementuren bat sartzen saiatu da, erraza izan ez den arren: “Zer utzi eta zer sartu aukeratzea ez da erraza izan. Aukeraketa bakaoitza halako dolu txiki bat izan da”.
Egindako lana herrian aurkeztuta, irakurleari egokitzen zaio orain narrazioa irakurri eta bere aletxoa ere bertan dagoela sentitzea: “Prozesu oso berezia izan da. Herritarrak etengabe izan ditut gogoan. Benetan, zuentzat idatzia izan da, bihotzetik idatzia izan da. Espero dut gustatzea. Niretzat esperientzia oso aberatsa izan da. Herritarrekin egin ditudan harremanak mantentzea polita izango litzateke. Ziortza-Bolibarrek nire mundutxoan tokia dauka: lehen oso abstraktua zena orain oso konkretua eta oso polita da“.