Maddi Arozena: "Ziortza-bolibartarrentzat idatzitako liburua da"
Maddi Arozena Zubeldiak Ziortza-Bolibarren egin du Geuretik Sortuak bekako egonaldia. Beste bederatzi idazleren lanak elkartuta 'Hamarreko bitxia' liburua aurkeztu berri dute.
Geuretik Sortuak beka lortu zenuen, eta Ziortza-Bolibar egokitu zitzaizun zure sormen prozesurako. Zer moduzko esperientzia izan da?
Bi zatitan egon naiz herrian, pasaden ekainean eta abuztuko azken astean. Abentura bikoitza izan da. Alde batetik sekulako zortea da, pagotxa da, halako beka bat lortzea: toki bat eskaintzen dizute non zure kezka bakarra idaztea den. Tira, idatzi baino lehenago jendearekin harremanetan jartzea da lanetako bat, eta hori da apur bat berezia dena: jendearekin harremanetan jarri behar zara eta zure idatzian integratu behar dituzu nolabait herritarrak, edo herritarren istorioa. Beldur apur bat ere edukitzen duzu, ze ez dakizu zer nolako harrera izango duen. Bestalde, abentura bat da baita ere zure buruarekin bakarrik egotea, zure betiko girotik kapo. Galdera asko, baina, azkenean, oso-oso abentura baikorra izan da. Benetan, espero nuena baino askoz gehiago aurkitu dut. Ipuin bat idaztea baino askoz urrutirago joan da, eta harreman oso polita sortu da hemengo jendearekin. Uste dut iraungo duen harremana izango dena.
Herritarrak ezagutu dituzu beraz. Eurengan oinarrituta idatzi duzu narrazioa?
Proiektua aurkezterakoan gidoi antzeko bat aurkeztu behar da. Ni gidoi batekin nindoan, baina jendearekin topo egin ondoren konturatu naiz nik nituen asmoak ez zirela egokiak. Horren ondorengo lana izan da ideia hori utzi, eurek eskaintzen zidatena ezagutu eta hortik abiatzea. Kontrolatzeari uzte horrek sorpresa gehiago eta aukera gehiago zabaltzen ditu. Narrazioan hemengo herritarrak sartu ditut, eta nire ideiarekin ere lortu dut lotura egitea.
Zer da kontatzen duzuna?
Bi ideia nituen oinarrian. Batetik, mugaren bi aldeetan pasako zela. Ni Ipar Euskal Herritik nator, baina, erroak hemen ditut, eta beti nabil muga hori ezabatu nahian. Bigarrena zen zuhaitzek protagonismo handia eduki behar zutela, zuhaitzekin harreman berezia baitut. Hori horrela, hemengo emakume bat desagertu eta Baionako ospitalean agertzen da. Ez du memoriarik, istripu bat izan du, baina, ez dakigu zer. Paraleloki emakumearen ama ikusiko dugu, gogoratzen, bilatzen, bere ibilbide guztian herrian zehar oroitzapenak lortzen…
Istorioa idazteko prozesua nolakoa izan zen?
Lehendabiziko egonaldian audio asko grabatu nituen. Hurbildu zitzaizkidan gehienak emakumeak izan ziren, gizonezko batzuk ere bai, baina, batez ere, emakumeak. Emakume kuadrilla potentea dago hemen. Eurek eskaini didaten dena entzun, grabatu, apuntatu… Zailena bigarren zatia izan da, zer gorde eta zer utzi erabakitzea. Hainbestekoa izan da eskaini didatena, non aukerak egitea ez baita erraza izan. Horrez gain, orain arte idatzi izan dudanean niretzat idatzi dut, irakurleari horrenbeste erreparatu gabe. Hemen, aldiz, oso desberdina izan da: etengabe nituen buruan herritarrak. Espero dut gustatzea. Niretzat idazteko modu hori berria izan da, eta berezia.
Emankorra izan da ziortza-bolibartarren ahotsak batu eta horrelako narrazio bat idaztea?
Oso-oso emankorra. Ni ez naiz beken oso eskale, baina beka honek duen berezitasuna da mugaren bi aldeak hartzen dituela kontuan, herri nazio gisa kontsideratzen duela gure sorkuntza, eta hori niretzat oinarrizkoa da. Oso polita da. Horrez gain, eskaintzen dituzten baldintzak zoragarriak dira. Harreman politak egiteko aukera eman dit; ni oso pozik atera naiz hemendik. Herritarrentzat idatzitako liburua da.