Usain txar "jasan ezina" salatu dute hainbat berriatuarrek
Azken sei edo zazpi urteetako egoera dela diote eta mobilizazioak iragarri dituzte.
Berriatuko zenbait herritar haserre daude. Jasaten duten usain txar “jasan ezina” salatu dute, etxean sartzen zaie eta orain arte ez dutenez erantzunik izan kalera aterako dira. Berriatuko Herriko Usainen Kaltetuak taldea sortu dute. Hain zuzen ere, hainbeste denboraren ostean “erlazio zuzen bat” aurkitu dutela diote: Arrain Kontserba fabrikak izurtzen dituen hondakinak.
“Kontserba fabrika itxita izan dutenetan ez dago usainik eta lanaldia hasitakoan nabarmen gehitzen da”, diote. Horregatik argi dute nondik datorren arazoa. Usan txarrak haien osasunean eragiten ari dela azpimarratu dute: “Lo gaudela esnatzen gaitu usainak edota buruko minak eta ondoezak izaten ditugu. Horrez gain, gure bizitza soziala kaltetzen du gure etxeetara ezin delako gonbidaturik ekarri eta jendeak usaina hartzen digu arropetan. Gainera, ekonomikoki etxea berotzeko gastua altuagoa da gure leihoak zabalik izan behar ditugulako”.
Udalean hainbat kexa jarri dituzte eta “etengabe” informazioa bidaltzen dietela diote, konponbidea aurkitzen laguntzeko. Hala ere, orain arte ez dute irtenbiderik aurkitu. Ur Partzuergoagaz ere harremanetan jarri dira, baina ez dute erantzunik jaso. “Herritar bezala gure zergak ordaintzen ditugu eta emandako zerbitzua ez da bidezkoa”, adierazi dute. Horregatik, mobilizatuko direla aurreratu dute.