Arai Lejardi eta Helena Barrenetxea, lehen finalistak
Arai Lejardi, Helena Barrenetxea, Maite Ortiz de Mendibil eta Frida Watkins izan ziren atzo (otsaolak 27), Winter Serieseko lehen protagonistak, eta bizkaitarrak nagusit ziren: 15-14 eta 15-12 nagusitu ziren Barrenetxea eta Lejardi, eta finalerako txartela eskuratu zuten,
500 pilotazale elkartu ziren atzo Durangoko Ezkurdi pilotalekuan, Winter Seriesaren bigarren edizioko lehenengo jardunaldian, iazko estreinaldiko ikusle kopurua hobetuz. Arai Lejardi, Helena Barrenetxea, Maite Ortiz de Mendibil eta Frida Watkins ziren protagonista nagusiak, eta bizkaitarrak izan ziren irabazleak: 15-14 eta 15-12 nagusitu ziren Barrenetxea eta Lejardi. Laurek norgehiagoka lehiatua eta borrokatua jokatu zuten, ikuskizun bikaina eskainiz, eta ikusleek txalo zaparradagaz agurtu zituzten.
Joko alaia eta “maila onekoa” erakutsi zuten lau puntistek. Hobeto hasi ziren Ortiz de Mendibil eta Watkins, “erasokor eta eskuinez tantoak eginez”, eta 0-4koa jarri zuten markagailuan. Bikote marroiaren lehen tantoa, baina, laster heldu zen Barrenetxea durangarraren eskutik; pilota ondo bilatu eta atzean amaitu zuen. Hiru tantoko aldea jarri dute orduan markagailuan, eta alde horri eutsita ailegatu ziren lehen zatiaren erdira Ortiz de Mendibil eta Watkins. Barrenetxeak, baina, tantoak egin eta partida bederatzina berdintzea lortu zuen, eta Lejardi markina-xemeindarrak aurreratu zuen bikote marroia partiduan lehen aldiz: pilota oso zaila zabalean hartu, eta eskumarekin amaitu zuen tantoa (10-9). Aurrea hartu zuten bizkaitarrek, baina gogor eutsi zuten arabarrak eta gipuzkoarrak. Marroiak 14-11 aurretik zihoazen arren, Ortiz de Mendibilek 14-12koa jarri zuen errebes indartsuz, baita 14-13koa ere, sake ikaragarria errebotera botata. 14-14koa ere txapa gainera bota zuen arabarrak, eta urduritasunez bete zituen armailak. Azkenean, etxeko pilotariak egin zuen seta irabazteko tantoa, eta lehenengo seta Barrenetxearen eta Lejardiren aldekoa izan zen.
Bigarren jokoa ere berdinduta hasi zuten, baina apurka apurka aldea hartu zuten marroiek, 7-4 aurreratuz. Barrenetxeak Ortiz de Mendibil saihestu gura zuen, arrisku itzela duelako arabarrak, eskumaz min handia egiten baitu. Lan ona egin zuten horiek, baina marroiek hobeto jokatu zuten, defentsan hobeto arituz. Lejardik segurtasunez jokatu zuen atzean, ia hutsik egin barik, errebesagaz pilota atzeratuz eta eskumarekin indartsu jaurtiz. Hain zuzen ere, 9-6koa egin zuen berak. Hala ere, bederatzina berdintzea lortu zuten Ortiz de Mendibilek eta Watkinsek, baina huts egiteak egin dituzte jarraian, eta 14-12koa jarri zuten markagailuan Barrenetxeak eta Lejardik. Azkenean, markina-xemeindarrak erabaki zuen seta, baita partida eta finalerako sailkapena ere.
Datorren astelehenean Elaia Gogenolak eta Naroa Merinok Erika Mugartegi eta Maialen Aldazabal izango dituzte aurrez aurre.
Johan Sorozabal, irabazle.
Banakako Seriesean, lapurtarren arteko partidaz gozatu zuten ikusteek, eta Johan Sorozabal nagusitu zitzaion Ludovic Ladutxeri, 12-10 eta 12-3koagaz. Datorren astean Aritz Erkiaga eta Unai Lekerika ariko dira aurrez aurre.