Bizkaiko kiroldegietako langileek bost greba egun deitu dituzte
Ondarroako eta Markina-Xemeingo kiroldegietako zerbitzuetan eragina eduki ditzake. Hitzarmenaren "une gakoa" dela dio LAB sindikatuak.
Bizkaiko kiroledegiko langileek bost greba egun zehaztu dituzte hitzarmenaren hobekuntzak eskatzeko, zehazki, otsailaren 28an, 29an, martxoaren 4an, 5ean eta 9an. Aurreko greba deialdiek edukitako erantzuna ikusita, Ondarroako eta Markina-Xemeingo kiroldegietako zerbitzuetan eragina edukiko duela aurreikusten da.
2022an iraungi zen hitzarmena eta berritzeko borrokan daude orduaz geroztik sektorearen baldintza prekarioak salatuz: soldata baxuak, ordutegi aldaketa etengabeak, asteburuko plusik gabe, prestutasun osoa eskatuz… Baina patronalak planteatutako eskaintza “langileen aldarrikapenetatik urrun” dagoenez, greba deialdiak egin dituzte abendutik eta otsailaren 6an izan zen azkenengoa.
Negoziazioa luzatzen ari da, baina LAB sindikatutik azaldu dutenez negoziazioaren “une klabea” da. “Negoziazioa aurrera doa, gutxieneko helburuak eskuratzeko moduan gaudela dirudi, aukera bat emateko bezain gertu. Hurrengo Mahaiak markatuko du sektorearen etorkizun hurbila: behin betiko aurrerapena edo blokeo eta konfrontazio egoera, non gaur gutxienekoak direnak bihar ez diren nahikoak izango”.
Greba deialdiak Bizkaiko kiroldegietako azpikontratatutako langileei eragiten die, hau da, kiroldegietan lan egiten duten eta udaletxeko langileak ez direnei. Hori dela eta kiroldegi batzuetako zerbitzuetan eragin zuzena du grebak, eta beste batzuetan, ostera, ez du eraginik egunerokotasunean. “Herritarren artean nahasmena dago gai honekin, kiroldegi batzuk normal funtzionatzen dutelako greba egunetan, beste batzuk ez ostera. Langile publiko eta pribatuen arteko nahasmena dagoelako horrelako zentroetan”.
Ondarroa eta Markina-Xemeingo kiroldegien kasuan, langileen gehiengoa Bizkaiko Kiroldegietako Langileen hitzarmenaren baitan dago; Ondarroako Zaldupe kiroldegia udalak kudeatzen du eta enpresa pribatu baten esku daude ikastaroak eta monitoreak, Markina-Xemeingo Atxondo kiroldegiaren kasuan, enpresa probatu batek kudeatzen du instalazioa eta lagileak. Hortaz, “aurreko deialdiak izandako erantzuna ikusita”, kiroldegi bietako zerbitzuetan eragina edukitzea aurreikusten da.