30 emakumetik gora elkartu dira Lekeitioko irakurle talde feministaren lehenengo saioan
Lekeitioko Andraetxean bildu dira emakumeak Uxue Alberdiren 'Dendaostekoak' liburuari buruz hitz egiteko; idazlea ere bertan egon da.
Goi-goitik hasi dute lekeitiarrek irakurle talde feminista. Atzo [otsailak 27] egin zuten lehenengo saioa, Andraetxean. 30 emakumetik gora elkartu ziren bertan, Uxue Alberdi idazle eta bertsolariaren Dendaostekoak liburua lantzeko asmoz: “Oso-oso ondo joan da lehenengo saioa. Andraetxea txiki geratu zaigu”.
Alberdi ere bertan izan zen liburuari buruz bertatik bertara hitz egiteko. Liburua idazteko abiapuntua eta sormen prozesua zer nolakoa izan zen azalduz hasi zuten saioa. Ostean, ikuspuntu feministatik azpimarragarriak diren gai ezberdinak landu zituzten: “Esaterako, nola kontatzen den bortxaketa bat, euskal gatazkari nola begiratzen zaion lehenengo lerrotik beharrean beste ertz batzuetatik eta nola egiten duten protagonistek emakumeenak soilik diren espazioen alde”.
Jarraian, testigantzetan oinarrituta idazteari buruz, eta testigantza horietan emakumeen ahotsak entzun eta biltzeari buruz jardun zuten. Lehenengo saioagaz amaitzeko, galderentzako tartea zabaldu zuten, eta Alberdik esku artean dituen proiektuen berri eman zuen.
Hurrengo saioa. Irakurle talde feministaren hurrengo saioa martxoaren 19an izango da: Virginie Despentes idazlearen King Kong teoria landuko dute. Antolatzaileek jakinarazi dute lehenengo saioarekin alderatuz desberdina izango dela: “Idazlea ez da etorriko, eta beraz, desberdina izango da. Aurreikusten dugu saioa parte hartzaileagoa izango dela, dinamikekin, esaterako”.