Emakume musikarien egoerari buruz hausnartuko dute barikuan Lekeition
Musikaia Musika Eskolak bere 10. urteurrena ospatzeko antolatu duten zazpigarren ekintza izango da. Barikuan [martxoak 1], 17:00etan, musika eskolako areto nagusian elkartuko dira.
Lekeitioko Musikaia Musika Eskolarentzat ospakizun urtea da aurtengoa, izan ere, euren 10. urteurrena ospatzen dabiltza. Hori dela eta, urteurrena ospatzeko aitzakiagaz, ikasturteko hilabete bakoitzean ekintza bat antolatu dute Musikaiakoek. Hurrengoa zazpigarren ekintza izango da, eta barikuan [martxoak 1], 17:00etan, musika eskolako areto nagusian jarri dute hitzordua. Antolatzaileek jakinarazi dute mahai ingurua librea dela eta edonor joan daitekeela.
Ez da, gainera, edonolako ekintza izango. Martxoaren 8a gertu dagoela eta, Emakumea eta musika izenagaz gai horren inguruan hausnartzeko mahai inguru bat antolatu dute. Lau emakume musikari profesional gonbidatu dituzte solasaldira, bertatik bertara euren esperientzia kontatu eta herritarren galderak erantzun ahal izateko. Irati Bilbao (jazz kantua), Maddi Txurruka (tronpetista), Ane Legarreta (orkestra zuzendaria) eta Nerea Quincoces (perkusionista) egongo dira bertan.
Musikari profesionalez gain, Lekeitioko Azkue Natura Ikastolako, Iturriotz BHI-ko eta, nola ez, Musikaiako ikasleak ere bertan izango dira: “Ikasleekin gai hau aurrez landu dugu, eta galdera ezberdinak prestatu dituzte mahai inguruan lau gonbidatuei egiteko”. Dinamizatzaile lanetan, berriz, Naroa Ogando Ubiria lekeitiarra ariko da; mugimendu feministan aktibo egoteaz gain, idazlea eta irakaslea da Ogando, eta baita musika eskolako ikaslea ere.
Hausnartzeko tartea. Oihana Etxabe Musikaia Musika Eskolako zuzendariak adierazi dutenez, batez ere, hausnarketa egin nahi dute musikaren arloko gaur egungo egoera zer nolakoa den ikusteko. Bi atal nabarmendu dituzte: ikasketak eta lanpostuak. Ikasketei dagokienez, Etxabek azaldu du musika eskoletan ikaslegoaren zati handiena emakumeak direla: “Ikasleen datuen arabera, musika, dantza nahiz kulturan orokorrean umeak direnetik emakume gehiago daude”. Kontserbatorioetan, aldiz, gizonezkoen kopurua igo egiten da. Musikaiako datuak azaleratu ditu: “Aurtengo ikasturteko ikaslegoari dagokionez, 5 eta 7 urte bitarteko %73,33a emakumeak dira; 8 eta 13 urte bitarteko %75,23; 14 eta 18 urte bitarteko %85; eta 18 urtetik gorako %77“.
Bestalde, lanpostuei dagokienez, irakaskuntza arloan emakume eta gizonen kopurua “nahiko parekatuta” dagoen arren, musikari profesionalen arloan emakumeen portzentaia txikiagoa da, batez ere, taldeetan eta horien lidergoan. Etxabek azaldu duenez, tronpetaren, orkestra zuzendarien eta perkusionismoaren munduan gehienbat gizonezkoak dira nagusi. Musika tresna folklorikoetan berriz, biolinean eta kantuan, esaterako, emakume gehiago dauden arren, banda eta orkestretako tresnetan gizonezko gehiago daudela adierazi du: “Askotan musika tresnak genero batekin lotu izan ohi ditugu, eta horren inguruko hausnarketa egin nahi dugu”.