Eskualdeko osasun zerbitzuen egoera "jasanezina" dela salatu du EH Bilduk
Herriz herriko azterketa batek zerbitzuaren gabeziak azaleratu ditu. Lea-Artibaiko EH Bilduk Osakidetzako arduradunekin batzartuko dela adierazi du eta mozioak aurkeztu dituzte udaletan. "Ez da jendearen osasuna lehenesten".
Lea-Artibaiko EH Bilduk eskualdeko osasun zerbitzuen egoera salatu du, Osakidetzaren egoera “jasanezina” dela salatuz. Herritarren iritziak kontuan hartuz egindako herriz herriko azterketa batek azaleratu ditu Osakidetzaren zerbitzuak dituen gabeziak.
Azken urteetako zerbitzuen gainbehera erdigunean jarri eta egoeraren larritasuna salatu dute: “Herritarren osasuna dago jokoan eta ez da bidezkoa oinarrizko zerbitzua denak hainbeste gabezia izatea gure eskualdean. Azken urteetako gainbehera ikaragarria izan da eta urteak pasa ahala zerbitzuak etengabe murriztuz joan dira eskualdeko herrietako osasun zentroetan”.
Eskualdeko egoera herriz-herri aztertu dute, bakoitzean dagoen egoera azaleratuz. Lekeitioren kasuan, azken aldian medikurik ez da egoten, larrialdi zerbitzua itxita egoten da, pediatria eta ginekologia zerbitzurik ez dago eta emaginaren postua “galtzeko arriskuan” dago. “Gernika-Lumora edo Usansolora zuzenean jo beharra ekarri du horrek. Gainera, oporrak eta bajak daudenean, bajak bete beharrean bertara bideratzen dira herritarrak, eta jendez lepo egoten da zentroa. Langileek lan karga handia dute”.
Herri txikien kasuan, txanda hartzeko eta ondoeza dagoenean atentzioa jasotzeko “benetako zailtasunak daude”.
Markina-Xemeingo kasuan, azpiegituran inbertsioa egiteko “premia” dagoela, mediku eta erizainen bajak ez direla betetzen, pediatria zerbitzua ez duela pediatra batek ematean eta larrialdietan Ondarroara joan behar dela salatu dute, “askotan atzera egin behar azkenean Usansoloko ospitalera joateko”. Ondarroaren kasuan ere bajak ez dira betetzen eta langileen lan karga ugaritu egin da. Horrez gain, ginekologia zerbitzua galdu da eta pediatria zerbitzua ez du pediatra baten ematen.
Eskuladeko herri txikien kasuan; Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Mendexa eta Ziortza-Bolibarren mediku eta erizainen zerbitzua nabarmen okertu dela adierazi dute: “Maiztasuna galdu da eta egun larregitan egoten dira herriok zerbitzu barik. Txanda hartzeko eta ondoeza dagoenean atentzioa jasotzeko benetako zailtasunak daude”. Gainera, Lekeitio, Markina-Xemein zein Ondarroako Osasun Zentroetan medikuak falta direnean gainerako eskualdeko herri guztiak ere zerbitzu barik geratzen dira.
EH Bildutik eta Osakidetzako arduradunekin batzartuko dela esan dute.
Uda garaian ere egoerak okerrera egiten du, oporrak betetzen ez direnez, mediku gabe geratzen dira herrietan, eta horrek eskualdeko Osasun Zentroetara joatea dakar eta “zentro honek jada gainezka daude”. “Ez da jendearen osasuna lehenesten”.
Osasun zerbitzuaren egoera salatzeaz gain, langileen lana nabarmendu nahi izan dute, horien egoera azaleratuz: “Eskualdeko osasungintza publikoaren baitan dauden profesionalek jasan, herritarrekin batera, sistemak dituen gabeziak jasan behar dituzte, euren gain hartuz askotan behar baino ardura gehiago”.
Egoeraren aurrean eskualdeko herrietan mozioak aurkeztearen alde egin dute EH Bildutik eta Osakidetzako arduradunekin batzartuko dela esan dute. Bost puntu “exijituko” dituzte:
- Eskualdeko mediku eta erizainen kopurua aurreko datuetara bueltatzea. Bajak eta oporrak betetzea eta urte osoan “zerbitzu duina” ematea.
- Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroako Osasun Zentroetan pediatria zerbitzua eta emagin zerbitzua bermatzea, baita larrialdi zerbitzua ere, egunero 24 ordutan.
- UBI mugikor bat edukitzea eskualdean.
- Usansoloko ospitalean erditze errazak eta larrialdietako pediatria zerbitzua.
- Eskualdeko hizkuntza errealitatea kontutan edukita eskaintzea zerbitzuak.