Markina-Xemeingo herri hezitzaileek astelehenean egingo dute bigarren saioa
Herriko hezkuntza eragile, elkarte nahiz herritarrak Uhagonen elkartuko dira datorren astelehenean [martxoak 4] 18:15ean. Erronkak zehaztu eta horiei aurre egiteko moduak irudikatuko dituzte.
Markina-Xemeingo Udala pasa den udazkenean batu zen Oinherri Herri Hezitzaileen sarera, eta azaroan egindako lehenengo saioaren ondoren, astelehenean [martxoak 4] egingo dute bigarren saioa. Herriko hezkuntza eragile, elkarte nahiz herritarrak Uhagoneko batzar gelan elkartuko dira, 18:15ean.
Bigarren saio horretan lehenengoan landutakoa hartuko dute abiapuntutzat: “Amesten dugun Markina-Xemeinek ze balore eduki behar zituen finkatu genuen. Hortik hezkuntza foro bat egiteko beharra zegoela ikusi genuen, herritarra eta hezkuntza eragile desberdinak batzeko. Oraingo helburua izango da denon artean azken saioan erabaki genituen balore horietan oinarrituta ze erronka ditugun zehaztea”. Erronkak “asko” izan daitezken arren, lehentasunak denen artean erabaki eta horiei aurre egiten hasteko bidea marrazten hasiko dira: “Parez pare ditugun erronkak eta horiei aurre egiteko moduak irudikatuko ditugu elkarrekin”. Erronkez gain, herrian dauden praktika onak ere identifikatuko dituzte.
Saioa gidatzera Oinherriko kideak joango dira: “Elkarlana den arren, Oinherrik halako saioak antolatu eta dinamizatzeko laguntza emango digu. Izan ere, esperientzia dute beste herri batzuetan honelako saioak egiten”.
Aurrera begira. Astelehenean [martxoak 4] erabakiko duten arren, asmoa uda orduko beste hezkuntza foro bat deitzea dela azaldu dute: “Dena ondo joanez gero honekin aurrera jarraituko dugu. Erronkak zehaztuta daudenean jarraipena egingo dugu, eta hausnartzen jarraituko dugu gure herriaren inguruan eta dituen erronken inguruan. Lehenengo saioan deialdi ireki bat egin genuen eta lortu egin zen herriko hezkuntza eragile desberdinak batzea: hezitzaileak, zuzendariak, elkarteak, aisialdi taldeak… Erantzuna oso ona izan zen, eta horrek erakusten du beharrizana badagoela hezkuntzaren inguruan berba egin eta hausnartzeko”.