Dei:"Gutxirekin asko transmititzea; hori da diskoaren giltza"
Mutrikuko bi lagunek osatutako Dei taldeak herrian ekoiztu eta grabatutako lehenengo diskoa kaleratu du: ‘Iluneko sua arrotz’. Orain, oholtzara igo eta entzuleengana hurbiltzeko txanda da.
Bizi osoko bi lagunek 2022an talde bat sortzea erabaki zuten: Dei. Nondik abiatu zen ideia?
Aitzol Urkiza: Ideia batzuk nituen, beti egoten diren zirriborro batzuk hortik, eta abesti batzuk nituen proiektu akustiko eta lasai baterako. Gasteizko Euskararen Etxeak antolatzen duen Egin Leku! deialdia ikusi genuenean, izena eman genuen.
Iñigo Bravo: Abiatzeko aitzakia bat izan zen, aurretik ere entseguak egiten genituen, eta baita gure kantak sortu ere. Hori baita hasieratik egin dugun bidea.
Hasieratik izan duzue argi zein erregistrotan mugitu nahi zenuten?
A.U.: Beti entzun izan dugu pop musika, abeslari kantautoreen musika, pop amerikarra, pop ingelesa eta baita euskal musika ere; naturalki egindako aukeraketa dela esan genezake.
Magalean abestia kaleratu zenuten 2023an, ordutik oholtzetan ibili zarete.
I.B.: Magalean aurreko urteko udan atera genuen, eta hortik aurrera hainbat kontzertu eman ditugu gure soinuen bila. Abesti berriak zuzenean probatu eta gure abestiak eta gure estiloa nora doazen ikusteko aukera eman digu, baita gure soinua finkatzeko ere.
Zer aurkituko du entzuleak kaleratutako lanean?
A.U.: Abesti lasaiak aurkitu ahal dira, baina, aldi berean, formatu sinple bat da; akustika, gitarra eta ahotsak dira. Abestiren batean aho soinua eta pianoa ere aurkitu daitezke. Zazpi abesti ditu, eta bakoitzak bere mundua sortuta du bere baitan, baina diskoan giro berezi bat sortzen saiatu gara, ahotsaren eta gitarraren efektuak ematen dutena. Disko lasaia da, baina abesti batzuk energia puntu bat ere badute, oreka horren barruan mugitzen dena. Hitzei dagokionez ere lotura bat dute abestiek. Abestiak lortzen dituen hari bat du diskoak, bai estilori zein gaiari dagokionez.
Arrotza zaigun suari eskainitako lana dela diozue. Zergatik?
A.U.: Iluneko izuari erreferentzia egiten diogu, diskoak iluntasun puntu bat baitu kanta askotan; iluntasuna zentzu metaforiko batean. Gure beldurrak eta gure ezintasunak, askotan ulertzen ez ditugunak; zergatik jokatzen dugun horrela, zergatik sentitzen garen horrela… Abestiek gai ezberdinak ukitzen dituzte, bai pertsonalagoak, eta baita bizi garen gizartean sentitzen eta ikusten dugun horri buruzkoak ere, baina, denak ala denak, barrura begirako letrak dira. Gai sozialagoa lantzen duen kanta bat kenduta. Ilunean argia topatzea zaila den arren, egoerari argia ematen diogunean, eta hortik ateratzen garenean ikusten dugun argia da diskoaren ildoa eta jorratzen duen gaia.
Abestien sortze prozesua nolakoa izan da?
A.U.: Zirriborro batetik abiatzen da beti, gitarra akustikoan, eta gero etxeko lana da. Formatua ere xumea da, hortaz, ez dago apaingarririk ipintzerik, baina ahotsaren melodiak eta gitarrak protagonistak izaten saiatzen gara, gero, zuzenean ere horrela defendituko dugulako diskoa. Elementu gutxirekin nola lortu ahalik eta gehien ateratzea. Gutxirekin asko transmititzea, hori da diskoaren giltza.
Sortzen ala oholtzan erosoago?
I.B.: Erdibideko gauza bat, sorkuntzak zure sentimenduak adierazteko eta pentsamenduak jorratzeko aukera ematen dizu. Baina zuzenekoan, oholtza gainera igotzeak eta jendearekin konektatzeak ematen dizun adrenalinak ere asko ematen dizu musikari bezala.
A.U.: Bi eremu ezberdin dira; entsegua gure eremu naturalagoa dela sentitzen dugu, denbora gehiago igarotzen dugulako entseguetan oholtzan baino. Baina, aldi berean, etxetik edo lokaletik irten, erosotasun hori galdu, oholtzara igo eta zuzenekoan norbere burua biluzik sentitzea ere bada motibatzen gaituena.
Autoekoizpena izan da, Mutrikun sortu eta Mutrikun ekoitzia. Pozik zaudete emaitzarekin?
I.B.: Diskoa herrian ekoiztu eta grabatu dugu, Ame estudioetan Axular Arizmendirekin. Diskoa giro lasai batean entzutekoa da, arreta hartzeko gitarretan, ahotsetan, eta letrek ere mami asko dute. Oso pozik gaude emaitzarekin, gauzak argi genituela joan ginen estudiora, baina ideia guztiak 100eko 100 finkatuta izan gabe. Irekita geunden, eta oso pozik gaude sortu dugun giroarekin eta lortu dugunarekin.
A.U.: Diskoaren maketazioa eta diseinua Eneko Elezgaraik egin ditu. Gainera, gure soinu teknikaria ere bada. MRKren lokaletan egiten ditugu entseguak, lehenengo kontzertua ere herrian eman genuen, Xiri Egunean… Dena etxean geratzen da.