Ambrossi, Villate eta Marin, 39. Atxukale Sariko podiumean
111 parte hartzailetik 57 txirrindularik lortu dute proba bukatzea, tartean, Ander Albizu mutrikuarrak.
Mutriku eta inguruetako errepideak hartu dituzte gaur [martxoak 2] txirrindulariek: 39. Atxukale Txirrindu Saria lehiatu da. 15:30ak puntu-puntuan hasi dute 87 kilometroko ibilbidea izena eman duten junior mailako 180 txirrindulariek.
Eguraldia lagun izan ez badute ere, indarrez heldu diote erronkari. Abiapuntutik atera eta Debara eta handik Soraluzerantz joan dira, tartean, Mendarotik, Altzolatik eta Elgoibartik igarota. Azken kilometroetan, ohi bezala, bi aldiz igo eta jaitsi dute Galbaixo. 40,51 kilometro orduko bataz besteko abiaduran egin dute proba txirrindulariek.
Helmugarako azken txanpan hiru txirrindulariren arteko norgehiagoka egon da, eta azkenean, Nicolas Ambrossi Ramos izan da lehenengoa helmugara ailegatzen, 2.08.51ko denboran osatu du ibilbidea. Denbora bera behar izan dute Alimco Campagnolo taldeko Ibai Villate Momeñe eta Aimar Marin Bustinza taldekideek. Sailkapeneko laugarrena, ostera, 33 segundora ailegatu da, eta kasu honetan ere hiru txirrindulari denbora berdinagaz helmugaratu dira; Hodei Muñoz, Iñigo Uria eta Beñat Iñarra.
Atxukale Txirrindu Taldearen zozketak baditu zenbaki saridunak. Orbea ONNA 29 50 bizikleta eskuratu du 2.198 zenbakiak (ordezkoa 3.057). Orbea MX 2950 bizikletaren irabazlea, ostera, 1.076 zenbakia da (ordezkoa 1.899).