'Korrika Historikoa' ikusgai dago Mutrikun
Zabiel Kultur Etxeko ateak ireki dira gaur [martxoak 1] Korrikaren historia errepasatzeko aukera eskaintzen duen erakuskerekin.
Gauden harro garenaz, eta egiten dugunaz. Bete ditzagun etxe eta kaleak euskaraz. 23. Korrika girotzen hasia da herriko kale eta etxeetan. Korrika kulturalaren hitzorduak hamaika dira eta hamahiru, ostera, korrika abiatzeko geratzen diren egunak. Une egokia Korrikaren historian murgildu eta aurreko urteetan bizitakoa gogora ekartzeko.
Mutrikun ez dute aukerarik galdu, euskararen aldeko konpromisoari helduta Korrika Historikoa erakusketak ateak zabaldu ditu gaur [martxoak 1] eta martxoaren 10era bitartean Korrikaren errepasoa egiteko aukera paregabea eskaintzen duen erakusketa ikusgai egongo da Zabiel Kultur Etxean. “Aurreko Korrika guztien muralak, argazkiak eta informazioa jasotzeko aukera dago”. Astelehenetik barikura bitartean 18:00etatik 20:00etara. Zapatu eta domeketan, ostera, 11:00etatik 14:00etara.
Korrika hasi bitartean beste hitzordu batzuk ere zehaztu dituzte herrian. Hurrengoa hilaren 17an izango da; Euskaldunen jatorria, historia eta irria bakarrizketa eskainiko du Ion Martinez Esnaolak. “Sarrerak eskuragarri jarriko dira datozen egunetan”.