'Lea-Artibain Osakidetza gaixorik dago' mozioa onartu dute eskualdeko hainbat herritan
Ondarroan, Ziortza-Bolibarren, Berriatuan eta Mendexan onartu dute Lea-Artibaiko EH Bilduk aurkeztutako mozioa. Lekeition eta Markina-Xemeinen eguaztenean eta eguenean aurkeztuko dute, hurrenez hurren. Lea Ibarreko Amankomunazgoak bat egin du mozioagaz.
Asko dira azkenaldian medikua herrian egon dadin eskatzeko egin diren elkarretaratzeak, eta horren aurrean eskualdeko hainbat herritan Lea-Artibaiko EH Bilduk aurkeztutako Lea-Artibain Osakidetza gaixorik dago mozioa onartu dute. Zehazki, Ondarroan, Ziortza-Bolibarren eta Mendexan EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren kontrakoekin onartu dute mozioa; Berriatuan, berriz, aho batez onartu dute.
Lea Ibarreko Amankomunazgoak ere bat egiten du mozioan aurkeztu dituzten proposamenekin, eta Munitibarren izan ezik, gainontzeko herrietan mozioa aurkeztuko dute; izan ere, Gernikaldeko inguruan sartzen da Munitibar Osakidetzaren banaketaren arabera. Horrez gain, Lekeition etzi [martxoak 6] aurkeztuko dute mozioa eta Markina-Xemeinen eguenean [martxoak 7], 19:00etan Goiko Portalean egingo duten elkarretaratzearen ostean.
Eskualdeko egoera. Lea-Artibaiko EH Bilduk eskualdeko herrietako zentroen egoera azaleratu eta eskaera zuzena egingo dio Osakidetzari. Lekeitioko Osasun Zentroari dagokionez, egoera ez dela “batere ona” salatu dute: “Azkenaldian, mediku barik sarritan egon da Osasun Zentroa eta larrialdi zerbitzua itxita”. Horren ondorioz Gernika-Lumora edo Usansolora joan behar izan dira herritarrak eta inguruetakoak. Gaineratu dutenez, oporrak edo bajak egon direnean ere inguruko herrietako biztanleak Lekeitiora joan behar izaten dira, eta ondorioz, “jendez gainezka” egoten da zentroa: “Langileek lan karga handia dute”.
Horrez gain, azaldu dutenez, pediatria zerbitzua luzaroan ez da eman, ginekologia zerbitzua galdu egin da (orain herritarrak Gernika-Lumora joan behar dira), fisioa egunero egotetik astean hirutan egotera pasa da eta emaginaren postua galtzeko arriskuan ikusten dute.
Besteak beste, mediku eta erizain zerbitzua asko eskastu direla salatu du Lea-Artibaiko EH Bilduk.
Markina-Xemeingo Osasun Zentroan ere antzeko egoeran daudela salatu dute: “Bajak ez dira betetzen, azpiegituran inbertsioa egiteko premina dago, pediatria zerbitzua ez du pediatra batek ematen eta larrialdietan Ondarroara joan behar izaten dute herritarrek”.
Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Mendexa eta Ziortza-Bolibarko egoerari dagokionez berriz, mediku zein erizain zerbitzua “asko eskastu” direla salatu dute: “Maiztasuna galdu egin da eta egun larregitan egoten dira herriok zerbitzu barik”. Horrekin batera, txanda hartzeko eta ondoeza dutenek atentzioa jasotzeko “benetako zailtasunak” dituztela esan dute. Gainera, Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroako Osasun Zentroetan medikuak falta direnean zerbitzu barik geratzen dira eskualdeko gainontzeko herriak.
Horrez gain, Lekeition eta Markina-Xemeinen bezala, udan ez dira oporrak ordezkatzen, eta mediku barik geratzen dira: “Eskualdeko osasun zentroetara joan beharra dakar honek, zentro hauek jada gainezka daude, txanda hartzeko arazoak egoten dira, txandak egun askotara ematen dira… ez da herritarren osasuna lehenesten!”.
Lea-Artibaiko EH Bilduk Osakidetzako arduradunekin batzartu eta hainbat eskaera “exijitzeko” asmoa du.
Ondarroan ere oporrak eta bajak ez dira ordezkatzen, eta horrek “lan karga eta langileen estresa ugaritzea” eragiten duela salatu dute, “zerbitzua okertuz”. Horrez gain, Markina-Xemeinen bezala, pediatria zerbitzua ez du pediatra batek ematen, eta ginekologia zerbitzua galdu egin da.
Eskaerak. Arrazoi guzti horiek kontuan hartuta, Lea-Artibaiko EH Bilduk osasun sistemaren egoera “tamalgarria” salatu du mozioaren bitartez, eta “eskualdean azkenaldian Osakidetzak izan duen gainbehera” oinarritzat hartuz, Osakidetzako arduradunekin batzartu eta hainbat eskaera “exijitzeko” asmoa dutela adierazi dute, bost, zehazki.
Alde batetik, mediku eta erizainak lehen zeuden bestean mantentzea eskatuko dute: “Bajak eta oporrak ordezkatu, eta herri guztietan urte osoan zerbitzu duina ematea”. Bestalde, Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroako Osasun Zentroetan pediatria eta emagin zerbitzua bermatzea eskatuko dute, eta baita “oinarrizkoa den larrialdi zerbitzua egunero 24 ordutan” egotea ere.
Eskualdeari dagokionez, UBI mugikor bat edukitzea eta zerbitzuak eskualdeko hizkuntza errealitatea kontuan edukita ematea eskatuko dute. Azkenik, Usansoloko ospitalean erditze errazak eta larrialdietako pediatria zerbitzua egon daitezen eskatuko dute. “Lea-Artibaiko EH Bildutik dei egiten dugu, orain arte zuetako askok egin duzuen moduan, hemendik aurrera ere gure osasun sistemaren alde egiten diren herri mobilizazioetan parte hartzeko”.