Baso autoktonoak bultzatzeko basogintza jardunaldiak egingo dituzte Ziortza-Bolibarren
Martxoaren 15ean lau adituren hitzaldiak eskainiko dituzte udaletxean; besteak beste, zuhaitz autoktonoak landatzeko egon daitezkeen aukeren inguruan ariko dira. Ostean, haritz landareak oparituko dizkiete baso jabeei; aurretik eskatu beharko dira udaletxera deituz.
Herriko eta inguruko baso jabeei informazioa eta aholkularitza emateko asmoz martxoaren 15ean baso jardunaldiak antolatu dituzte Ziortza-Bolibarren. Jardunaldiak aurkezteko elkartu dira gaur [martxoak 5] Ziortza-Bolibarko Udaleko ordezkariez gain, baita herriko basoei bultzada bat eman nahi dieten herritar eta herriko basoen jabeak ere.
Guztira lau hizlari hartuko ditu Ziortza-Bolibarrek martxoaren 15ean, 18:00etatik aurrera, udaletxean: Ibai Zubizarreta Bizkaiko Foru Aldundiko basozaina, Ander Perez de Lastra Uraren Euskal Agentziako teknikaria, Markel Arriolabengoa Tantai Baso Jabe Kooperatibako Baso Ingeniaria eta Sergio Gallego Lurgaia Fundazioko ingurugiro kontseilaria.
Udala pausoak ematen ari da etorkizunean “lur sendo eta osasuntsuak” edukitzeko: “Urari ondo eutsiko dion lurra eta lehorteei aurre egiteko erresilientzia handia erakutsiko duen lurra nahi dugu”. Hori horrela, zuhaitz autoktonoak landatzeko egon daitezkeen aukera, erraztasun eta laguntzen inguruan ariko dira hizlariak.
Herritarrek eta baso jabeek euren lurretan jorratu dezaketen landaketa eredu egokiak ezagutuko dituzte.
Horrekin batera, herritarren kontzientzia ere piztu gura dute baso lurrek daukaten garrantziaren aurrean: “Klima aldaketari aurre egitea eta pertsonak zaintzea dugu helburutzat. Basogintza eremuan natura errespetatzen duten ikuspegi berriak sustatu nahi ditugu”.
Hori aurrera eramateko udalak adierazi du elkarlanean aritu nahi dutela: “Baso naturalak hedatu nahi ditugu herrian, eta egurra ekoizteko natura errespetatzen duen basogintza ereduak indarra har dezan nahi dugu. Horrekin batera herriko baso jabeak ere aintzat hartu eta zaindu nahi ditugu, eta zer hobeto oso erabilgarri izango duten informazioa eta aholkularitza herrira ekartzea baino”.
Hitzaldiak. Herritarrek eta baso jabeek euren lurretan jorratu dezaketen landaketa eredu egokiak ezagutuko dituzte. Alde batetik, naturari ekarpen zuzena egin eta biodibertsitateari lehentasun osoa emanda ekonomikoki inolako inbertsiorik egin gabe dauden aukerak azalduko dituzte. Horrez gain, egurra ekoizteko ereduak ere aipatuko dituzte, naturarekiko errespetuzko jarreragaz. Gaineratu dutenez, ekonomikoki jabearentzat errentagarriak diren bideak ere azalduko dituzte.
Baso jabeei zuhaitz autoktonoak landatzeko erraztasunak eman nahi dizkie udalak.
Horrekin batera, hitzaldira doazen baso jabeei haritz landareak oparituko dizkiete. Horretarako, aurretik Ziortza-Bolibarko Udaletxera deitu (94-616 57 27), izen-abizenak eman eta zenbat zuhaitz landare behar dituzten esan beharko dute. “Hitzaldiaren amaieran banatuko ditugu landareak, eta landatu egingo dituztela ziurtatu beharko dute baso jabeek”. Kopurua nahikoa izango ez balitz, Ziotza-Bolibarren baso lurra dutenek izango dute lehentasuna, eta ondoren, mugakide diren herrietan dutenek (Markina-Xemein, Munitibar, Aulesti, Mallabia eta Berriz).
Udalaren bilbidea. 2022an hasi zen udala herriko baso sailak erosten eta bertan zuhaitz autoktonoak landatzen: “Harrezkero, urtero ari gara sail berriak erosten. Batzuetan, Elosun bezala, basoa lehengoratzen, eta beste batzuetan, Balzoiz basoan legez, egurra ekoizteko zuhaitz autoktonoak landatzen”. Jakinarazi dute hemendik aurrera ere udalak urtero aterako duela baso sail berriak erosteko ordenantza.
Iaz, berriz, baso jabeentzako diru laguntzak aktibatu zituzten zuhaitz autoktonoak landatzeko, Bizkaiko Diputazioak ematen dituen landaketarako laguntzak eskatuta: “Udalaren diru laguntzak hauen osagarri izango dira. Landaketak egiten dituztenak diru inbertsio handiak egin beharrean egoten dira, eta baso jabeei pisu hau arindu nahi diegu, zuhaitz autoktonoak landatzeko erraztasunak emanez”.