‘Hil Arte Bizi’ tailerrak Ispasterrera helduko dira
Datorren astelehenean [martxoak 11] egingo dute aurkezpen saioa.
Hil Arte Bizi tailerrak Ispasterrera helduko dira. Hain zuzen ere, dinamikaren aurkezpena egingo dute martxoaren 11n, 18:00etan, Iñigo Egiluz aretoan. Aurkezpenerako ez da izenik eman behar, baina zortzi tailerretarako bai. Izena emateko epea martxoaren 11tik 27ra izango da udaletxera deituz edota inprimakia betez. Plaza mugatuak dira, eta izen-emate ordenaren araberakoa izango da. Argitu dute ispastertarrek lehentasun osoa izango dutela. Informazio gehiagorako 644 12 06 91 telefonoa jarri dute eskuragarri.
Udaletik azaldu dute tailerra “apustu handi” bat dela. Herritarrek heriotzaren aurrean dituzten eskubideak ezagutu eta heriotzaren inguruko gaiak “modu eroso eta atseginean” lantzeko aukera izango dutela esan dute. Nere Erkiagak zuzentzen ditu tailerrak, bera izango da aurkezpena egiteko arduraduna: “Tailerren helburua da heriotzaren aurrean herritar modura ahalduntzea eta oinarrizko ezagutza jasotzea, ondoren bakoitzak ikusteko zer erabaki hartu nahi dituen”.