Erika Mugartegik eta Maialen Aldazabalek 2-0koagaz eta nagusitasuna erakutsiz irabazi diete Elaia Gogenola eta Naroa Merinori, Euskotren Women Winter Seriesko bigarren finalerdian. Gizonezkoen Banakako Seriesean, Aritz Erkiaga erraztasunez gailendu da. Martxoaren 11n jokatuko dituzte finalak.
Euskotren Winter Series txapelketako bigarren finalerdia jokatu zuten atzo [martxoak 4] Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. Giro paregabean, harmailan bete-beteta eta emakume puntistak protagonista, maila handiko partiduez gozatu zuten bertaratutako ikusleek. Lau izen kantxaratu ziren partidu nagusiak: Erika Mugartegi markina-xemeindarra, Maialen Aldazabal berriatuarra, Elaia Gogenola berriatuarra eta Naroa Merino tolosarra. Lehen biek irabazi zuten finalaurrekoa, eta, iazko legez, txapelketako finalean egongo dira. Joko seguruagaz, sendoagaz eta berme handidunagaz gailendu zen Mugartegi-Aldazabal bikotea, finalerako hautagai dela bistaratuz.
ARGAZKIAK
Lau puntistetatik distiratsuena Mugartegi izan zen; hark hartu zuen partiduaren gidaritzaren ardura. Hasiera orekatua eduki arren, seina berdindu ondoren, bikote marroiak 9-1eko partziala lortu zuen eta, handik aurrera, faborito direla frogatu zuten Mugartegik eta Aldazabalek. Azken hark, hain zuzen ere, ez zuen ia akatsik egin atzean eta, horrez gain, suertatu zitzaizkion aukerak zukutu zituen, aurkariak estutasunean ipintzeko. Bikote horia gogor saiatu zen partiduari aurpegia erakusten, batik bat, Gogenolaren erremateei esker. Edozelan ere, Mugartegik eta Aldazabalek malgutasunez poltsikoratu zuten lehendabiziko seta: 15-7.
Argazkia: Eraman Jai Alai.
Bigarrena lehenengoa baino estuagoa izan zen, Merino gipuzkoarrak urrats bat aurrera egin baitzuen atzealdeko koadroetan. Hori horrela, marroiei gehiago kostatu zitzaien markagailuan aldeak urratzea. Gogenolak erremate apartak egiten jarraitu zuen, baina huts egin zuen beste zenbait jokalditan, eta horietan Mugartegi nagusi agertu zen. 11-11ko berdinketaren ondoren, partidua hil ala biziko fasean sartu zen, batez ere, bikote horiarentzat. Marroiak 13-11 aurreratzeagaz batera, Mugartegik sake errestoan eta modu apartean lortu zuen 13-11koa. Hurrengo tantoan, epaileak falta eman zion Gogenolari, pilota ukitu zuela adieraziz; hori bai, errepikapenean kontrakoa ikusi baldin bazen ere, tantoak bikote marroiaren aldera egin zuen. 15-12ko markagailuagaz burutu zuten neurketa.
Bigarren set amaierako tanto polemikoa gorabehera, Mugartegik eta Aldazabalek nagusitasuna erakutsi zuten partidu osoan
Polemika txiki horrek amaiera gazi-gozoa eman zion norgehiagokari, baina gauza bat argi geratu zen: amaierako une estua gorabehera, Mugartegik eta Aldazabalek finalean egoteko bezainbesteko merezimenduagaz irabazi zuten. Final handian, etxeko puntista, Helena Barrenetxea, eta Arai Lejardi markina-xemeindarra edukiko dituzte aurkari. Datorren astelehenean [martxoak 11] erabakiko da lehiaketako garailea nor izango den.
Argazkia: Eraman Jai Alai.
Erkiaga, nahieran.
Gizonezkoen Banakako Seriesean, Aritz Erkiaga ispastertarrak garaipen boteretsua eta erosoa eskuratu zuen Unai Lekerika gernika-lumotarraren aurka. Eusko Label Winter Seriesko finalean elkarren aurka jokatu ondoren, Ezkurdin topatu zuten elkar berriro puntista biek, baina Erkiagak ez zion inongo aukerarik laga Lekerikari, eta sendotasunez irabazi zuen: lehen setean, hamar tanto egin zituen Ispasterko aurrelariak, eta bakarra galdu; 12-3ko markagailuagaz nagusitu zen Erkiaga. Bigarren setean, Lekerikak maila hobea erakutsi zuen, batez ere, lehenengo tantoetan. Launakoaren ostean, baina, Erkiagak burua lehengo lepotik zuela frogatu zuen, eta gernika-lumotarrak ezer gutxi egin ahal izan zuen ispastertarraren aurka: 12-5 nagusitu zen.
Aritz Erkiagak Johan Sorozabal izango du arerio final handian
Finalean, Ludovic Ladutxe getariarra kanporatzea lortu zuen Johan Sorozabal aurrelari miarriztarra edukiko du aurrez aurre Erkiagak. Antolatzaileek gaur-gaurkoz dituzten aurreikuspenen arabera, Ezkurdi frontoia kolkoraino beteko da hurrengo astelehenean ere.