Markina-Xemeingo Berakruzeko ikasleek Alicanten lehiatuko dute euren proiektuagaz
4. DBH-ko ikasleek bi proiektu landu eta aurkeztu dituzte First Lego League txapelketan. Aurkeztu ez ezik, bi sarirekin itzuli dira etxera: proiektu berritzailearen bigarren saria eta bigarren sari orokorra irabazi dituzte.
Markina-Xemeingo Berakruz Ikastolako 4. DBH-ko hainbat ikaslek euren bi proiektu aurkeztu zituzten joan den zapatuan Arrasaten egin zen [martxoak 2] First Lego Leagure txapelketara, eta espero ez zuten bi sarirekin itzuli dira etxera ikasleak. Proiektu zientifiko bat egiteaz gain, robot bat ere egin dute ikasleek, eta hala lortu dituzte bi sariak: proiektu berritzailearen bigarren saria lortu dute Euskalplay izeneko aplikazioagaz, eta Innobasqueren bigarren sari orokorra WinnBot proiektuagaz.
Amy Kortabitarte eta Mikel Gandiagaren gidaritzapean aritu dira ikasleak. WinnBot proiektua egin dute Julen Erkiaga, Araitz Varela, Aimar Sierra, Maria Elordi, Markel Lopez, Unai Ansola, Oier Olabe eta Xemein Izagirre ikasleek, eta Euskalplay proiektua, berriz, Maren Franco, Leire Perez, Nora Ormaetxea, Naia Bilbao, Maria Onaindia, Gustavo Agirregomezkorta, Seynabou Diatk, Julen Agirreoa eta Ane Unzaluk.
Hain zuzen ere, WinnBot proiektuagaz hurrengo fasea lehiatuko dute Alicanten martxoaren 15ean: “Orain pentsatzen ari gara nola joan bertara, zeintzuk joango garen, proiektuari ze aldaketa egin… Gogoz gaude Alicantera joateko. Horrelako proiektu bat egitea, hain desberdina normalean egiten dugunetik, ondo etortzen da gauza berriak ikasteko”.
Alicantera joaten direnerako hainbat aldaketa eta hobekuntza egin nahi dizkiete proiektuari.
Sormena eta teknologia erabiliz talde txiki bati euren zaletasuna elkarbanatzea izan da proiektuaren oinarria. Horretarako, zaletasun hori egiteko egon daitezkeen arazoak identifikatu dituzte, eta horri erantzuteko sortu dituzte bi proiektuak: “WinnBot proiektuan bizikleta bat egin dugu, pedalei ematerakoan energia sortu eta bozgorailu batzuetatik musika entzuteko. Aniztasun funtzionala dutenekin pentsatuz egin dugu proiektua, musikoterapiaren bitartez kirola egitera bultzatzeko”.
Euskalplay proiektua, berriz, euskal musika bultzatzeko aplikazio bat da: “Inkesta batzuk egin genituen eta ikusi genuen euskal musika gero eta gutxiago entzuten dela. Horri konponbidea emateko sortu genuen aplikazioa. Musika entzuteaz gain, castingak ere bidali dezakete erabiltzaileek, hasi berriak direnei aukera bat emateko”.
Ondarroako Gorabideko kideek bizikleta probatzeko aukera eduki zuten: “Probatu zutenean konturatu ginen akats batzuk zituela, eta hobekuntza horiek sartu nahi ditugu Alicantera joaten garenerako. Adibidez, pedaletan hankak mantentzea kostatzen zitzaien, eta hori nola konpondu pentsatzen gabiltza”. Horrez gain, beste aldaketa batzuk ere egin nahi dituzte: “Hasieran bizikleta bat eta robot bat genituen, eta orain, bizikleta estatiko batera pasa nahi dugu proiektua, aurrean arduino bategaz. Horrela, botoiak ukitu ahal izango dituzte abestiak pasa ahal izateko, bolumena igo eta jaisteko… Dena txukundu nahi dugu”.
Ikasleek aitortu dute ez zutela Arrasaten irabaztea espero, baina Espainiara joateko “enfokatuago” daudela: “Egia esan, Arrasaten ez genuen asko espero, baina azkenean, sekulako esperientzia izan da eta oso ondo pasa dugu. Espainiara joateko enfokatuago gaude, eta lan gehiago egin nahi dugu irabazi ahal izateko. Motibatuta gaude lanean jarraitzeko”.