Apirilaren 15ean ipini dute hurrengo hitzordua Markina-Xemeingo herri hezitzaileek
Astelehenean [martxoak 4] egindako bigarren saioaren balorazio positiboa egin dute antolatzaileek. Apirilaren 15ean herri hezitzaile moduan dituzten erronkei nola aurre egin landuko dute.
Markina-Xemeingo herri hezitzaileak astelehenean [martxoak 4] elkartu ziren bigarren saioa egiteko, eta jarri dute jada hirugarren saiorako eguna ere: apirilaren 15ean elkartuko dira astelehenean erabakitako erronkei heldu eta nola aurre egin erabakitzeko.
Asteleheneko saioaren balorazio positiboa egin du Markina-Xemeingo Udalak. Azaldu dutenez, udaleko ordezkariez gain, herriko norbanako eta elkarteetako hezitzaileak ere elkartu ziren bertan. Hezkuntza formalari dagokionez, berriz, ikastetxeetako ordezkariak egon ziren; hezkuntza ez formalari dagokionez, guraso elkarte, gaztelekuko hezitzaile eta Zerutxu Dantza Taldeko ordezkariek parte hartu zuten.
Saioa dinamizatzen, berriz, OinHerri Herri Hezitzaileen sareko kide bat egon zen. Lehenengo saioan parte hartu ez zuten herritar batzuk ere joan zirenez, saioagaz hasteko Oinherrik joan den saioan egidako birgogoratu zuen: “Aurreko saioan gure ametsetako Markina-Xemeinek eduki behar zituen baloreak pentsatu genituen, eta hori gogorarazi genuen sarrera moduan”.
Horren ostean, balore horietako lau aukeratu zituzten: euskara, parte hartzea, aniztasuna eta inklusioa eta parekidetasuna. Jarraian, balore horietako bakoitzean Markina-Xemeinek ze erronka dituen aztertu eta erronka horiekin lotutako ze eragile eta egitasmo dauden martxan aztertu zuten: “Horretarako hainbat dinamika egin genituen talde txikietan banatuta. Denok landu genituen erronka guztiak: lau minutu eduki genituen hitz egiteko, eta oso motz egin zitzaigun jendeak zeresana zuelako erronka bakoitzaren inguruan”.
Behin erronkak zeintzuk diren aztertu eta ondorioztatuta, lehentasunen arabera ordenatu zituzten erronkak. Hori horrela, hiru erronka nagusitu ziren saioan: hezkidetza proiektua beste esparru batzuetara zabaltzea, kulturartekotasuna eta euskara, eta haur eta gazteen parte hartzea. Hiru erronka horiek hartuko dituzte ardatz apirilaren 15ean egingo duten hirugarren saiorako: “Ze plangintza egin beharko genukeen, ze bide marraztu behar dugun… Erronka hauek aurrera eroateko zer egin behar dugun ikusiko dugu. Egia esan, berba asko egin zen bigarren saioan, eta benetan pozgarria izan zen. Haur eta gazteekin lanean dabiltzanak euren esperientziak partekatu ahal izan zituzten”.