Argiteriaren efizientzia hobetzen ari dira Aulestin
Herriko puntu ilunak ere argitzen ari dira; parkea, Torrezelai eta Sololuzia atzea. Lanak martxoan amaitzea aurreikusten dute udaletik.
Aulestin herri guneko eta inguruko guneetako argiteria berritzen ari dira, efizientzia energetikoa hobetzeko helburuagaz. “Obraren xedea efizientzia energetikoa hobetzea da, horrek dakarren aurrezpen ekonomikoa barne, eta bide batez, zenbait puntu ilun argitzea” zehaztu dute udaletik. Zehazki, parkea, Torrezelai eta Sololuzia atzea dira argituko dituzten puntu ilunak.
Aulestiko Udalak aurreko agintaldian onartu zuen proiektua eta une honetan obrak egiten ari dira. Burutzen ari diren lanek kontsumo elektrikoa murriztea eta energia aurreztea ekarriko dute, baita ere ingurugiroan daukan eragina jaistea, CO2 isurketak murriztea, kostuak murriztea eta kutsadura luminikoa jaistea. “Instalatuta dauden luminaria gehienek ez dute bloke optikorik, eta horren eraginez, kutsadura luminiko handia sortzen dute; hau da, nahiz eta energia kantitate esanguratsua kontsumitu, ez da energia hori iluminazio efiziente bihurtzen”, zehaztu dute udaletik.
Aldaketak eragin zuzena izango du energia kopuruan eta baita kostuan ere. 4.300 ordu inguru egoten da argiteria publikoa piztuta, datu hori eskuan izanda urteko energia kostua 11.831eurotik 5.208 eurora jaitsiko litzatekeela aurreikusten dute udaletik, hau da, %56ko aurrezpena izango luke (6. 623 euro).
Lanak martxoan amaitzea aurreikusten dute, eta proiektuaren bigarren fasea aurrerago burutuko dela azaldu dute, zehazki, Aulestia kaleko goiko alderdia, Gernika ibilbidea eta auzoak argiztatzearen proiektua.