Ontzi arinen bilketa hobetzeko proba pilotua burutuko dute Mutrikun
Maiatzaren 1ean abiatuko da proiektua. Herritarren inplikazioa eskatu dute eta proiektuari buruzko azalpenak emateko egunak zehaztu dituzte.
Mutrikuko Udalak eta Debabarrenako Mankomunitateak ontzi arinen gaikako bilketa hobetzeko proba pilotu bat martxan jarriko dute maiatzean. Ekimenaren helburua da ontzi arinen kantitateaz gain, kalitatea hobetzea eta herritarren inplikazioa eskatu dute.
2023an 163 tona ontzi arin jaso ziren Mutrikun, biztanleko 29 kilogramo. Debabarrenako daturik onenak dituen herria da Mutriku, baina Gipuzkoako datuekin alderatuta batezbestekoak azpitik daude. “Harro sentitzen gara Debabarrena eskualdeko gaikako datu onenak dituelako Mutrikuk, eta pozik gaude proba pilotua egiteko hautatuak izan garelako. Hala ere, hobetzeko tartea dugu, eta mutrikuarrei proiektuan parte hartzera animatzen zaituztet, denon artean egoera hobetu eta Mutrikuko gaikako bilketa datuak Gipuzkoako herri onenen artean egotea lortzeko”, zehaztu du Ainhize Azpiazu Azkarraga Mutrikuko alkateordeak.
Mutrikuko 24 edukiontzi horietan gailu adimendundunak ipiniko dituzte, herritarrek ontzi arinak behar bezala sailkatzeagatik puntuak jasoko dituzte eta hilabetero bertoko produktuen otzara bat zozkatuko da parte hartzaileen artean. Edukiontziek bi zulo dituzte, horietako batek betiko funtzionamendua izango du. Besteak ostera, gailu adimenduna izango du, eta proiektuan parte hartu nahi duten herritarrek mugikorreko aplikazio baten bitartez edo txartel baten bitartez identifikatzeko aukera edukiko dute. Horrela, gailuak botatako ontzia identifikatu egingo du eta egoki sailkatuta badago, ontzi motaren araberako puntuazioa emango dio.
Herritarrei zuzenduta dagoen proiektua izanik, martxoak bilera irekiak egingo dituzte Mutrikun, proiektuaren nondik norakoak azaldu eta herritarren ekarpenak jasotzeko. Proiektua maiatzean ipiniko da martxan eta gutxienez urte beteko iraupena izatea aurreikusten da. “Mutrikun gaikako bilketaren inplikazioa gainontzeko herrietan baino altuagoa izanik, proiektua gauzatzeko aukera handiagoa dago. Ondo bidean, gainontzeko udalerrietan aplikatzea aztertuko da”, zehaztu dute Mankomunitatetik.
Batzarrak ondorengo egunetan egingo dira, arratsaldez. Aurrerago zehaztuko dituzte ordutegiak.
- Martxoak 12. Pikupe auzoan.
- Martxoak 13. Sanmikollan.
- Martxoak 14. Entzusen.
- Martxoak 15. Urazamendin.
- Martxoak 18. Beheko Eroski parean.
- Martxoak 19. Goiko plazan.
- Martxoak 21. Kutxa parean.