Plasma emaile gehiago behar dira
Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak plasmaferesia zabaldu eta sustatzeko kanpaina bati ekin dio Lea-Artibaiko eta Busturialdeko odol emaileen artean.
Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak (TGEEZ) plasma donazioa edo plasmaferesia zabaldu eta sustatzeko kanpaina bati ekin dio Busturialdean eta Lea-Artibain. Hala, Gernika-Lumoko Odolkideak elkarteak bat egin du deialdiarekin, izan ere, eskuadeotako 2022 eta 2023ko odol emaileei eragin gura diete, horrelako donazioak egiten diren Usansoloko Ospitaletik hurbilen dauden eskualde zabalak direlako. Plasmaferesirako ordutegia zabaldu egin dute, gainera, bariku arratsaldeetara eta zapatuetara zabalduko baitute.
Odolkideek jakinarazi dute Gernikaldean badaudela 15 plasma emaile, guztira 25 emote egin dituztenak, baina elkartekoek uste dute emaile kopuru hori handitu daitekeela Lea-Artibai eta Busturialdean dauden 1.500 odol emaileen artean. “Emaileen eskuzabaltasuna dago oinarrian, eta euren ekarpena eskertu gura dugu”, diote Odolkideek.
Plasma emaileak –emaile ohikoak edo autobusean egiten dutenak– erakarteko martxan jarritako kanpaina honetan, emaileek plasmaferesiari buruzko informazio txostena jaso dute: zer den, zelan lortzen eta zertara erabiltzen den edota zenbatetan erabiltzen denari buruz, besteren artean.
Plasmaferesiaren bidezko ematen, odola ateratzen da, eta banatzaile zelular baten bidez odol zelulak banatzen dira, gero plasma gordetzeko eta gainerako guztia emaileari itzultzeko. Zehaztu dutenez, emateak 40 eta 50 minutu artean irauten du, baina emailearen suspertzea “askoz ere arinagoa” da, plasma gehienbat ura delako. Gainera, jakinarazi dute emateak aldizkakotasunez egin daitekeela.
Odolkideek adierazi dute odola emateko “ohiko era” aldatzeko bidean dagoela Europa osoan, baina plasmarenagaz batera mantenduko dela: “Plasma eta bere emotea osagai estrategikoa eta interes orokortzat hartutakoa da, beti ere horren beharrezkoa den autosufizientzia lortu ahal izateko”.
Baina, zer da plasma?
Odolaren zati likidoa da plasma, gehienbat ura, baina gatzak, proteinak eta bestelako osagaiak ditu, eta zelulak garraiatzeko balio du. Jakinarazi dutenez, zuzenean trasfusioa egiteko balio du gaixotasun hepatikoen kasuetan, erredura kasuetan, transplanteetan… Horrez gain, sendagaiak lortzeko ere balio du: “Esaterako, immunoglobulinak edo albumina gizakion plasmatik baino ezin dira lortu, eta Europako Medikamentuen Agentziaren kontrolpean daude. Immunoeskasia kasuetan erabiltzen dira, baita gaixotasun neurologikoetan, autoimmuneetan eta hemofilia kasuetan ere”.
Jakinarazi dutenez, urtean transfusio zuzenerako 10.000 unitate inguru erabiltzen dira, eta eskaera “arazorik barik” betetzen da. Plasmatik lotutako sendagaiei dagokienez, ehunka mila kapsula erabiltzen dira, eta eskariaren erdia betetzen da gutxi gorabehera, izan ere, eskaria handitzen ari da urtetik urtera.
Nabarmendu dute eskaera osoari erantzun ahal izateko, “nabarmen handitu” beharko litzatekeela plasmaferesi emateak: “2022an 5.106 plasmaferesi egin ziren, eta urtean 30.000 inguru egin beharko liratekeela kalkulatzen da”. Hori horrela, helburua biztanleen %4 emaile izatea izango litzateke. “Onena emaileen oinarria ahalik eta zabalena izatea da, eta emaileek urtean plasma kopuru mugatu bat ematea”, azaldu dute adituek. Gehitu dute Europako herrialdeetan “ia autosufizientzia” lortu dutela, ze, batez beste, emaile bakoitzak 4-6 plasmaferesi egiten ditu urtean.
Azpimarratu dute odola eta plasma emateak bateragarriak direla, eta txandakatu daitezkeela. “Emateko irizpideak, funtsean, berdinak dira. Ezaugarrien eta odol taldearen arabera, emailearen segurtasuna helburu hartuta, eta eguneroko beharren arabera, emaile bakoitzari maiztasun eta donazio motarik egokiena aholkatzen diogu”, azaldu dute Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroek.