'Putaren bakarrizketa eroetxean' antzezlana aurkeztuko dute Uhagonen
Laura Penagos aktoreak antzeztutako Putaren bakarrizketa eroetxean antzezlana aurkeztuko dute zapatuan [martxoak 9], 19:00etan, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean. Sarrerak 5 euro balio du, 3 euro bazkideentzat.
Ainara Gurrutxagak zuzendutako lanak sexualitatea, indarkeria, klasizismoa eta feminismoa bezalako gaiak lantzen ditu antzerkian. «Emakume bat bakarrik dago eroetxe bateko gela batean, aulki batean eserita eta kameraz inguratuta, ikusten ez dugun doktore batekin hizketan. Emakumea prostituta da eta bere istorioa azalduko digu», esan dute.
Penagos Euskal Herrian bizi den aktore kolonbiarra eta euskalduna da. Dinamoa sormen gunean sormen egonaldia gauzatzeko aukera izan zuen 2023an, Franca Ramek eta Dario Fok idatzitako Putaren bakarrizketa eroetxean antzezlana lantzeko. Aktore, sortzaile eta hezitzaile honek oholtza gainean euskaraz aritzea hautu politikotzat du. Horregatik, beste hizkuntza batzuetan jada taularatua den obra bat hartu eta euskaraz aurkeztuko du.