Haur eta nerabeen heziketa erdigunean ipiniko dute Mutrikuko hezkuntza jardunaldietan
Bihar [martxoak 12] izango da lehenengo hitzaldia, Nerea Mendizabalek bideratuko duen 'Beldurrak haurtzaroan'. Bost hitzordu zehaztu dituzte gai ezberdinak lantzeko.
Haur eta nerabeen hezkuntzan bidelagun izatea helburu ipinita bost hitzordu zehaztu ditu Mutrikuko Udalak hezkuntza jardunaldien baitan. Lau gai nagusi ardatz hartuta lau hitzaldi eta liburu aurkezpen bat zehaztu dituzte bihar [martxoak 12] hasi eta maiatzaren 14ra arte luzatuko den egitarauan.
Familiei zuzendutako hitzaldiek haurtzaroko beldurrak, mugak, osasun mentala eta mugikorren erabilera landuko dituzte. Lehenengo hiru saioak Nerea Mendizabalek bideratuko ditu eta zehazki, lehenengoak haurtzaroko beldurrak ipiniko ditu erdigunean; haurrei beldurrak kudeatzen laguntzea helburu izanik, egoera horien aurrean zer egin daitekeen hausnartuko dute.
Bigarren eta hirugarren saioek haurtzaroko mugei buruzkoak izango dira. Mugak nola jarri, eta muga horiek dakarten zailtasunak nola kudeatu landuko dute. “Zer egin mugak ez dituztenean betetzen? Nola erantzun eta bideratu haur eta gazteek ‘ez’ esaten dutenean?”.
Lehenengo hiru hitzaldien ostean, Nerabeen garrasia, osasun mentala aldaketa garaian liburuaren aurkezpena eskainiko dute Telmo Lazkano eta Maitane Ormazabalek. Nerabeen osasun mentalari buruzko liburuaren nondik norakoak azalduko dituzte; antsietatea, elikadura nahasmenduak, depresioa eta autolesioak, tartean.
Azkenik, hitzaldi zikloa borobilduko duen saioari helduko diote; mugikorren eta Interneten erabilera landuko dute pantailak erdigunean ipinita. “Pantailek gure bizimoduetan duen eragina esperimentatzen ari gara. Aldi berean, baliagarriak zaizkigun gauzak dakartzate eta guraso, haur zein gazteen, ahalik eta modu kontziente eta osasuntsuan erabiltzen ikasteko erronka aurkezten zaigu”.
EGITARAUA
- Bihar, martxoak 12. Beldurrak haurtzaroan hitzaldia, Nerea Mendizabalen eskutik, 18:00etan, Zabiel kultur etxean.
- Apirilak 16. Nola jarri mugak, irmo eta goxo? hitzaldia, Nerea Mendizabalen eskutik, 18:00etan, Zabiel kultur etxean.
- Apirilak 30. Mugek dakarten zailtasunak kudeatu hitzaldia, Nerea Mendizabalen eskutik, 18:00etan, Zabiel kultur etxean.
- Maiatzak 9. Osasun mentala aldaketa garaian liburuaren aurkezpena eskainiko dute Telmo Lazkano eta Maitane Ormazabalek, 18:00etan, Zabiel kultur etxean.
- Maiatzak 14. Mugikorrak eta interneten erabilera lehen hezkuntzan hitzaldia, Nerea Mendizabalen eskutik, 18:00etan, Zabiel kultur etxean.