Mendibarren txiki geratu da zesta-punta txapelketako finaletan
Zapatuan [martxoak 9] jokatu ziren maila desberdinetako finalak eta kinielak.
Emakumezkoen zesta-puntak etengabeko bilakaera bizitzen ari da eta Berriatuko txapelketa horren seinale argia da. Seigarren aldiz antolatu du herriko eskolak eta beste urte batez erantzun bikaina izan du. Aurten gainera hamabost klubek parte hartu dute batzuk ingurukoak, Markina-Xemein, Lekeitio, Mutriku eta Berriatua; eta beste batzuk urrunagokoak, Sopela, Gasteiz, Zumaia, Tolosa, Miarritze, Katalunia, Pamiers, Noain, Durango, Cabanillas eta Andoain.
Zapatuan [martxoak 9] jokatu zituzten maila desberdinetako finalak eta herritarrek egun osoan partida eta kinielak izan zituzten Mendibarren frontoian. Harmailak jendez lepo bete zirela esan dute antolatzaileek eta eskerrak eman nahi izan dizkiete ikusleei eta parte hartu duten talde guztiei.
Laugarren mailan Hitzeak eta Paulek jantzi zuten txapela finalean Iraide eta Mirari 2-1 irabazita. Hirugarren mailan, Argoitia IV. eta Maddi nagusitu ziren eta bigarren mailan Laurak eta Joanek 2-1 menderatu zituzten Miren eta Janis. Lehen mailakoan, berriz, Durangoko Winter Series jokatzen ari diren puntistak aritu ziren, hain zuzen ere, Ezkurdiko aurka jokatu zuten bik neurtu zituzten indarrak: Elaia Gojenolak eta Erika Mugartegik. Berriatuarra gailendu zen Maiagaz batera 2-1 mendean hartuta Mugartegi eta Oaia.