Txikienei zuzendutako Udaleku Ibiltariak bertan behera geratu dira
Autonomia pertsonala zein kolektiboa landu eta gazteen arteko harremanak estutzea helburu dituen bestelako aisialdi eskaintzak nagusiei bideratutako ibiltariak egingo ditu soilik aurten, antolakuntza bermatzeko jende falta dela eta.
Bestelako aisialdi eskaintzaren eredu diren Udaleku Ibiltariek aurten ez dute txikienei zuzendutako eskaintzarik edukiko. Ondarroako Barnetegia Hezkuntza Elkarteak herrik gazteei zuzendutako ibiltariak antolatu izan ditu urte luzez, aurten, ostera, txikienei bideratutako eskaintza bertan behera uzteteko erabakia hartu dute antolakuntza bermatzeko jende faltagatik.
Gazte Mugimenduaren, gazte sorkuntzaren eta Ondarroako gazteen inguruan egiten zen irakurketa baten baitan sortu zen proposamenaren helburu nagusiak dira autonomia pertsona eta kolektiboa landu eta gazteen arteko harremanak estutzea. “Udaleku proposamena herriko gazteen egoeran argi apur bat margozteko ahalegin xume moduan ikusten zen eta horretarako beste hainbat gazte izan gara borondate osoz lanean ibili garenak”.
Ibiltariek antolakuntza, jende askoren lana eta “inplikazio maila handia” eskatzen duela zehaztu dute. Hortaz, gaur gaurkoz eskaini nahi duten guztia bermatzeko jende falta dutela ikusita, erabaki bat hartzeko beharra ikusi dute; txikienen udalekuak bertan behera uztea. Antolatzaileek jakinarazi dutenez “erabakia behin betiko ez izatea” espero dute.
Hala ere, nagusien udalekuen aldeko apustua egin dute. “Hasierako helburuekin ahaztu gabe, udaleku nagusien aldeko apustua egingo dugu, baina horretarako zuen laguntza ere beharko dugula ahaztu gabe”. Aurkezpen datak, udalekuen datak eta informazio gehiago laster zabalduko dutela argitu dute.