43. San Gregorio Saria eta 42. Aitxekutz Saria, hutsik egiten ez duten lasterketak
Zapatuan [martxoak 16] lehiatuko dituzte eskualdeko errepideetan, goizean nagusiek eta arratsaldean gazteek.
Osagai onekin zaila da errezeta bat gaizki ateratzea. Ondo dakite hori Berriatuko txirrindulari elkarteko kideek eta 43. San Gregorio Saria eta 42. Aitxekutz Saria txirrindularien egutegian hutsik egiten ez duten lasterketa horietakoak dira. Zapatuan [martxoak 16] lehiatuko dituzte biak ala biak, 9. Asier Aranceta memoriala goizean eta 23. Juan Luis Kanterape memoriala arratsaldean.
Beste urte batez, San Gregorio Saria Euskaldun Torneoko laugarren geralekua izango da joan den asteburuan Markina-Xemeinen jokatu eta gero. Hain zuzen ere, joan den zapatuan [martxoak 9] bi besoak altxatu zituen IƱaki Trujillo da sailkapeneko liderra. Txirrindulariek ohiko ibilbideari egin beharko diote aurre 09:45etik aurrera, guztira 119,7 kilometro eta 1583 metroko desnibel positiboa. Mereludiko gaina hiru aldiz igaro beharko dute eta Ispasterko Gardata gaina beste bitan, baina badirudi Asterrikako azken igoera izango dela erabakigarriena. 12:45ean inguru helduko da lehen txirrindularia Zeharbide kaleko helmugara.
Bizkaiko Kopa lehiatzen duten juniorren txanda 16:00etan iritsiko da, haien bigarren lasterketa izango da. 71,75 kilometroko ibilbidea osatu beharko du tropelak. Mereludiko igoera bi aldiz igoko dute eta Gardata eta Asterrika beste baten eta 18:00etan inguru helduko dira helmugara.