Final bati buelta emateko abilezia
Erika Mugartegi markina-xemeindarrak eta Maialen Aldazabal berriatuarrak Eukotren Women Winter Series txapelketa irabazi dute, Helena Barrenetxea durangarraren eta Arai Lejardi markina-xemeindarraren aurka. Final estua hirugarren setean erabaki dute.
Erika Mugartegi markina-xemeindarrak eta Maialen Aldazabal berriatuarrak maila handiko garaipena poltsikoratu zuten atzo [martxoak 11], Durangoko Ezkurdi pilotalekuan: frontoia ikuslez lepo beteta, puntako aurkarien kontra, Euskotren Women Winter Series txapelketako finala irabazi zuten. Ogibide gaitza eduki zuten Helena Barrenetxea durangarrari eta Arai Lejardi markina-xemeindarrari aurpegia erakusteko. Hain zuzen ere, garaileek hasiera makurra eduki zuten, eta finala iraultzea egokitu zitzaien, bien bitartean esfortzu handia eginda. Zesta-puntaren jarraitzaileek txalo zaparradagaz eskertu zizkieten eginiko ahalegina eta erakutsitako jarrera lau finalistei; zerbait izatekotan, Durangoko lehiaketaren bigarren ekitaldia emakumezkoen zesta-puntaren garaipena izan da.
Finalean ikusitakoa txapelketa osoaren erakusle izan zen: pilotariek urrats bat aurrera egin dute, joko maila handiagoa eta landuagoa daukate, eta ikusleen babesa oso aipagarria da. Bikote horiak, esan bezala, hastapen zaila bizi izan zuen, batik bat, arerioen ekina tarteko. Izan ere, etxeko puntistak, Barrenetxeak, tanto politak egin zituen aurrealdean; atzealdeko koadroetan, ostera, Lejardik segurtasun eta fidagarritasun handiz jokatu zuen. Apurka-apurka, Mugartegi eta Aldazabal partiduan sartzen joan ziren, norgehiagokak ordura arte hartua zuen inertzia geldiarazteko asmoz.
Atzelari berriatuarraren jomuga nagusia aurrelari markina-xemeindarrari gehien egokitzen zitzaizkion joko egoerak sortzea izan zen, horretarako asistentzia beharrak eginez; Mugartegiren konfiantzak, tantoz tanto eta jokaldiz jokaldi, gora besterik ez zuen egin. Marroiak lau-bost tantoko aldea urratzera heldu ziren, baina handik gora abantailak mardultzea asko kostatu zitzaien. Hori bai, lehen seta eskuratzeak segurtasun maila handia eman zien; 15-10eko markagailuagaz nagusitu ziren Barrenetxea eta Lejardi.
Bigarren setaren hasieratik, berdintasun handiagoa igarri zen; 7-7kotik aurrera, horiek beren legea ezarri zuten
Bigarren setak, hasiera-hasieratik, lehendabizikoak baino berdintasun handiagoa bistaratu zuen: 1-1, 2-2 eta 3-3 berdindu zuten set hasieran. Markagailuak 7-7koa erakusten zuenean, baina, partiduak bestelako noranzkoa hartu zuen, eta bikote horiaren iraultza hasi zen. Mugartegik, beste behin, bere maila plazaratu zuen, material bizia probestuz. Pilotakada bortitzak jaurti zituen errebesez, erreboteraino; lehen abanguneetan, ederto erantzun zuten Barrenetxeak eta Lejardik, baina bigarren setean lehenengoan baino aurkari dezente sendoagoak eta askoz lehiakorragoak topatu zituzten.
8-9koa izan zen partiduko tanto gorena, Mugartegiren sinaduraduna: Jokoan bikain sartuta, errebesez astindu zuen pilota, atzera jaurtiz; ondoren, aurrealdean bere aukera bilatu zuen eta, azkenik, eskumakadaz egindako horma bikoagaz borobildu zuen tantoa. Bikote marroiak, dezente zaildu arren, ez zuen etsi; Lejardik, esate baterako, 11-14koa maila handiko tantoagaz ezarri zuen. Edozelan ere, horiak ez zeuden prest partiduari ihes egiten uzteko, eta Aldazabalek errebeskada apartagaz lortu zuen 11-15eko markagailua. Finala, hortaz, berdinketa haustean erabakiko zen.
Marroiak 1-0 aurreratu arren, horiek nahieran poltsikoratu zuten berdinketa haustea
Gizonezkoen Banakako Seriesaren finalaren agertoki ere izan zen Ezkurdi frontoia. Egungo puntistarik distiratsuenak, Aritz Erkiagak, ezin izan zion Johan Sorozabal miarriztar gazteari aurre egin. Erkiagak ez du, atzo arte, buruz buruko lehiarik galdu azken zazpi urteotan. Ispastertarra hautagai nagusia zen, baina, edozelan ere, miarriztarrak maila nahiz berme handiko garaipena poltsikoratu zuen: 2-0 nagusitu zen Sorozabal. Markagailua gaztearen mailaren erakusgarri izan zen: 9-12 eta 10-12. Sorozabalen lana tarteko, Erkiaga une batean ere ez zen eroso aritu kantxan, eta garaileak, bere aldetik, kolore guztietako tantoak egin zituen; erreboteak, indarrez egindako jaurtiketak zein erremateak defentsa lerro zurrunagaz uztartu zituen.