Lekeitioko Udalak iaz baino 22.033 euro gehiago ditu 2024ko aurrekontuan
Iazko likidazioa egin ostean milioi bat gehiago eskuratzea aurreikusten dute. "Nortasunez eta herriaren alde" egindako aurrekontuak direla adierazi du udalak.
EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin, 10.900.057 euroko aurrekontua onartu du Lekeitioko Udalak; iaz baino 22.033 euro gehiago edukiko dituzte proiektuak aurrera eroan ahal izateko (iazko aurrekontua 10.878.024 eurokoa izan zen). Horrez gain, iazko likidazioa egin ostean milioi bat gehiago eskuratzea aurreikusten dute.
2024rako hainbat proiektu eta erronka zehaztu dituzte udaleko ordezkariek, “nortasunez eta herriaren alde”. Lurralde garapenari eta ekonomiari dagokionez udalak lau proiektu nabarmendu ditu. Alde batetik, Maderas de Lekeitioko lurzorua erosi zuten urte hasieran: “Orain, bertan eragiten duten legeak aztertu eta iazko parte hartze prozesuan esandakoak kontutan izango dira. Lekeitiok XXI. Mendean dituen erronkei erreparatuta, plan zehatza egin beharko da”.
Bestalde, herriko etxebizitzen egoera aztertu eta aldaketak egingo dituzte: “Lekeition etxebizitzaren egoera oso larria bada ere, zoritxarrez ez dute sartu Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitzako Behatokiak argitaratutako gune tentsionatuen zerrendan”. Hori udalarentzat “oztopo bat” dela azpimarratu dute: “Udalaren eskuetan dagoen guztia egingo da Lekeition etxebizitza egoera hobetzeko”. Azaldu dutenez, Etxebizitza Turistikoak arautzeko HAPOren aldaketa puntuala egingo dute. Horrez gain, herriko etxebizitzen egoera zein den zehazki ezagutzeko azterketa egingo dute, eta ondoren, neurri zehatzak planteatuko dituzte.
Hirugarren proiektu nagusiagaz herria berrantolatu nahi du udalak. Besteak beste, parking sistema berritu, bizikletak eta motorrak aparkatzeko leku berriak ipini eta zebra-bideak egokituko dituzte. Horrez gain, Next Generation Europako diru funtsetatik milioi bat euro eskuratu dituzte. Dirulaguntza horren bitartez hainbat proiektu garatuko dituzte, esaterako, parkingak digitalizatu, Isuntzako Mendieta Ontziolaren eraikina berreraiki, Trinketeko aterpetxean eguzki plaken instalazioa egin eta Garraitz irlako eremu erlijioso militarreko aztarnak egonkortu.
Kulturarako eta kirolerako erabiliko dituzte diru sailik handienetarikoak: 1.158.866 euro eta 1.429.052 euro, hurrenez hurren.
Gizarte zerbitzuen eta ongizatearen alorrerako 714.244 euroko diru saila ipini dute. Proiektu nagusia Uribarren-Abaroa egoitzan egingo dute: “Zaintza bere osotasunean zer den eta zer izan beharko litzatekeen pentsatu eta erabaki behar da datozen urteetan Lekeition”.
Kulturarako eta kirolerako erabiliko dituzte diru sailik handienetarikoak: 1.158.866 euro eta 1.429.052 euro, hurrenez hurren. Kulturan bi ekimen nabarmendu dituzte. Alde batetik, Lekeitioko hiribilduak 700 urte beteko ditu 2025ean, eta “urte osorako kultur programazio anitza eta berezia” lantzen ari dira. Bestalde, urteko hamabi hilabeteetan irakurzaletasuna sustatzeko ekimenak antolatzen ari dira liburutegian, Urtebete Liburutegian ekimenaren baita.
Kirolari dagokionez, berriz, Eskola Kirola proiektua bultzatu eta indartuko dute: “Herriko txikienek jarduera fisikoan eta kirol munduan lehenengo pausuak emateko modu egokiena, integralena eta hezitzaileena dela deritzogu”. Bestalde, igerilekuan hezetasun kengailua ipintzeko eta hainbat konponketa egiteko erabiliko dute diru saila.
Hezkuntza sailerako, berriz, 513.358 euro erabiliko dituzte. Azaldu dutenez, herri hezitzailea izateko bidea lantzen jarraituko dute, auzolanean ume eta gazteentzako aisialdia antolatuz. Horrez gain, herriko ikastetxeen arteko hezkuntza ekimen bateratuak sustatuko dituztela jakinarazi dute, eta baita herri curriculuma landu ere, Lekeitioko ondarea kontuan hartuz. Proiektu esanguratsuenen artean daude umeentzako udako eskaintza ordenatzea, eskoletan patio inklusiboak eraikitzea eta ikastolarekin hitzarmena berriztea.
Ingurumenari garrantzia eman nahi izan diote. Horretarako eskualdeko baso bat erosi eta bertoko basoak zaindu eta bultzatuko dituzte.
122.067 euroko diru saila ipini dute, berriz, euskararekin lotutako proiektuak aurrera eramateko. Bi proiektu nabarmendu dituzte: kulturartekotasun proiektuak sustatzea eskoletan, hala behar duten gurasoei zuzeneko itzulpen zerbitzua eskainiz eta euskara ikasten lagunduz, eta Lekeitioko Zinemazale Elkartearekin batera antolatutako Dokumentalak euskaraz ekimena.
Herriko gazteriari begira, aldiz, emantzipaziorako dirulaguntzen baldintzak berrikusiko dituztela azpimarratu dute, eta beharrizanetara egokitu. Horrez gain, gazteriaren diagnostikoa osatu eta emantzipaziorako plan osatua diseinatuko dute. Horretarako, 49.050 euroko diru saila erabiliko dute.
Parekidetasunari dagokionez, hainbat proiektu eta egitasmo eroango dituzte aurrera. Alde batetik, hezkidetza proiektuak jarriko dituzte martxan ikastetxeetan, formakuntzekin. Bestalde, herriko protokoloa eguneratu eta berriztuko dute, eragile feministekin elkalanean. Azkenik, Andraetxeko obrak maitu eta ekintza desberdinak bultzatuko dituzte.
Ingurumenari ere garrantzia eman nahi izan diote, eta horretarako eskualdeko lurretan baso bat erosiko dutela jakinarazi dute, bertoko basoak zaindu eta bultzatzeko helburuagaz. Horrez gain, herriko hainbat gunetan zuhaitzak landatuko dituzte, biodibertsitatea zaintzeko. Kaleei dagokienez, kale katuen kolonien kudeaketa egingo dutela adierazi dute, herrian horretan dabilen eragilearekin batera. Udal eraikin batzuetan, berriz, eguzki plakak ipiniko dituzte, daudenak konpondu eta energia berriztagarrien udal sarea osatzeaz gain.