Astelehenetik aurrera lehengo moduan itzuliko da medikua Berriatura
Astelehen, martitzen, eguen eta barikuetan goiz guztian egongo da eta eguazten goizetan goiz erdiz.
Mobilizazioek eta borrokak fruituak ematen ditu, beste behin agerian geratu da. Kasu honetan, Berriatuko medikuaren eskakizunagaz. Astelehenetik [martxoak 18] aurrera medikua itzuliko da kontsultategira, eta lehengo ordutegiagaz gainera. Hau da, astelehen, martitzen, eguen eta barikuetan goiz guztian egongo da eta eguazten goizetan goiz erdiz.
Mediku faltak hutsune handia utzi zuen herrian, lehenengo oporraldietan eta gero baja edota lanuzteetan ere. Hilabete eta erdi egon dira berriatuarrak martitzenero eta eguenero mobilizazioak egiten, kaleak hartzen. Hain zuzen ere, udaletik herritarrei eskerrak eman nahi dizkiete, “euren borrokak eta konstantziak ere egin dutelako posible osasun zerbitzu duina bermatzea”. Aldi berean, udaletik esker nahi izan dute zerbitzua lehengora bueltatu bitartean lehen arretako medikuek hutsunea ahalik eta gutxien nabaritzeko egindako “esfortzua eta lana”.
Osasun zerbitzua leheneratzea “premiazkoa” izanik, udalak dagokion erakundeetara eraman du zerbitzua berrezartzeko eskaera. Azaldu dutenez, harreman “estu eta zuzena” izan dute Ondarroako mediku eta arduradunekin, bertatik ere haien eskakizuna babesten dutelako, “eskuzabaltasun handia izan dute eta ahal izan duten heinean, laguntzeko prestutasuna erakutsi dute uneoro”. Ondarroako arduradunetik haratago joan behar izan dira azkenean eta Galdakaoko Ospitaleko zuzendariekin elkartu dira eta guzti.
“Azken batean, alde bietatik egindako lanak eta batasunak lortutako emaitza da. Denon indarrak batuta lortuko dugu Berriatuak etorkizunean dituen erronkak gauzatzea”. Hala ere, eskakizunekin jarraituko dutela aurreratu dute. Izan ere, Berriatukoa bitartekotasun postua da eta finkoa izatea nahi dute. Era berean, oporraldi eta bajetan ere hutsuneak betetzeko “konpromisoak eta bideak” hartzea eskatuko dute.