Bihar hasiko da Euskal Herriko zesta-puntako Elite Txapelketa, Mutrikun
Iazko arrakasta ikusita formula berdinarekin antolatu dute txapelketa. 2024 eta 2025erako hitzarmena egin dute Mutrikuko Udalarekin, emakumezkoen zein gizonezkoen txapelketak egiteko.
Gizonezkoen Euskal Herriko zesta-puntako Elite Txapelketa hartuko du berriz ere Mutrikuko Miruaitz pilotalekuak; 16 puntista batuko ditu bihar [martxoak 15] abiatuko den txapelketak. Mutrikuko Udalak, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzarekin eta Gipuzkoako Pilota Federazioarekin batera, eta Mutrikuko Danok Bat Pilota Elkartearen laguntzarekin antolatutako txapelketak iaz edukitako arrakasta ikusita, formula berdinari heldu dio aurten ere.
Denboraldian egindako lanaren arabera sailkapeneko 12 puntista onenak aukeratu dituzte; sei aurrelari eta sei atzelari. Horiei hautaketa teknikoz aukeratutako bi aurrelari eta bi atzelari gehituko zaie, 16ko hautaketa osatuz. Aurrelarien artean Agirre zumaiarra, Goitiandia (Goitia) markina-xemeindarra, Urreisti mutrikuarra, Alberdi (Antxon) etxebarritarra, Basterra (Txanika) hondarribiarra eta Hernandez donostiarrari hautaketa teknikoz sailkatutako iazko irabazle Glz de Matauco (Aaron) eta Ormaetxea (Celaya) gehituko zaie. Atzelariak, ostera, Manzisidor (Manzi) mutrikuarra, Mugartegi (Atain) markina-xemeindarra, Uranga eta Cabanillas zumaiarrak, Suso gasteiztarra eta Lekue berritxuarrak izango dira. Iazko irabale Bailo noaindarra eta markina-xemeingo Mandiola batuko zaie.
“Partida oso ikusgarriak ateratzen dira pilotalekuaren ezaugarriengatik, iaz agerian geratu zen ikusgarritasuna bermatuta dagoela”.
Mutrikuko Udalak hitzarmena sinatuko du txapelketa 2024 eta 2025 urteetan gizonezko zein emakumezkoen elite txapelketak Mutrikun aurrera eramango direla bermatuz. Gotzon Enbil Euskal Pilota Federakuntzako presidenteak herriaren babesa eskertu du eta pilota aurrera eramateko beharrezkoak diren zubiak eraikitzeaz aritu da: “Babesik gabe txapelketa hauek ez dira posible. Mutrikuko udalarekin egindako hitzarmena bezalakoak beharrezkoak dira”. Gainera txapelketako irabazleek sari ekonomikoa lortzeaz gain, udan profesionalekin jokatzeko aukera izango dute eta Enbilek beharrezkotzat jo ditu horrelako erabakiak. “Sari ekonomikoaz aparte bi enpresekin lortutako akordioengatik udako txapelketa batean behintzat parte hartu ahal izango dute irabazleek. Era oso ona da profesionalekin lehiatu ahal izateko eta enpresen eta afizionatuen arteko harremanen arteko zubiak sortzeko. Orain arte horrelako gauzak ez dira egin, baina pilota aurrera eramateko beharrezkoak dira”.
Danok Bat elkarteak egiten duen lana ere goraipatu nahi izan dute, eta zehazki, Itziar Lete Gipuzkoako Pilota Federazioko presidenteak txapelketak antolatzeko egin beharreko isileko esfortzuari errekonozimendua egin dio: “Txapelketa hauek antolatzeko lan handia egin behar da, atzean dagoen lana. Danok Bat elkarteari eskertu nahi diogu, klubik barik ez baitago pilotaririk”.
Bihar [martxoak 15] hasiko da liga faseko lehenengo jardunaldia, 19:00etan. Bi talde osatuta bi ligaxka jokatuko dituzte eta hiru jardunaldi izango ditu faseak. Iaz bezala, banaka lehiatuko duten taldeko txapelketa izango da; partida bakoitzeko puntuazio bat emango zaio puntista bakoitzari, horren araberako sailkapen indibiduala osatuaz. “Partida oso ikusgarriak ateratzen dira pilotalekuaren ezaugarriengatik, iaz agerian geratu zen ikusgarritasuna bermatuta dagoela. Aurten ere puntisten maila ikusita partida oso onak aterako dira eta zesta punta gustuko dutenei dei egin nahi diegu”.
- Txanika/ Basterra- Mandiola/Bailo
- Cosme/Suso – Antxon/Uranga
- Urreisti / Manci – Aaron/Atain
- Hernandez / Cabanillas – Goitia/ Lekue
Ligaxkan lortutako puntuazioaren arabera talde bakoitzeko bi aurrelari eta atzelari onenek finalerdiak jokatuko dute apirilaren 12an; final handia, ostera, apirilaren 19an izango da 19:00etan.