Ikuskizuna, urte osoan zehar
Jai Alai Ligak egutegia hedatu du, eta urte osoan zesta-punta txapelketak bermatu ditu. Master eta slam mailako lehiaz osatuko da egutegia, eta Ipar eta Hego Euskal Herriko frontoiak batuko ditu.
Zesta-punta, zerbait izatekotan, boladan dagoen kirola da. Pilotak Euskal Herriko jarraitzaileen bihotzetan betidanik aterpe segurua eduki badu, zesta-punta bigarren azalberritzea bizitzen ari da, hala puntista kopuruari, nola frontoi berrien plazaratzeari dagokionez. Hori guztia da, neurri handi batean, urte osoko egutegia ekarri zuen haziaren ernamuina: Jai Alai Liga. Orain, lehiaketa egutegia are gehiago zabaldu eta egonkortu dute. Puntistek slam eta master mailako lehiaketen urte guztiko egutegi jarraitua edukiko dute; hain zuzen ere, orain arteko txapelketa kopurua hirukoiztu egingo zaie.
Egoitza berriak sartuko dira ligara: Gasteiz, Zumaia, Markina-Xemein,Bilbo eta Lekeitio; Lekeitio Jai Alai Master Serieserako sarrerak jadanik salgai daude. Azken txanpari dagokionez, urrian izango da, eta lauko final itxura edukiko du. Ligaren egutegia osatzerakoan, gakoetako bat Ipar eta Hego Euskal Herriko txapelketen bateratzea izan da. Miarritze, Pau eta Donibane Lohizunek bikoiztu egin dituzte txapelketak. Iparraldea, horrenbestez, ezinbesteko geraleku izango da, liga helburu duen edozein puntistarentzat.
Luzea eta maila handiko pilotariez osatua da ligan nagusitzeagatik borrokatuko diren puntisten zerrenda. Zerrenda horren gailurrean daude, batetik, azken hamarkadako aurrelaririk puntakoenetako bat, Aritz Erkiaga ispastertarra, baita azken urteotan atzealdeko koadroetan fidagarritasunik handiena erakutsi duen Unai Lekerika gernika-lumotarra ere.
Aritz Erkiaga: “Hobekuntza fisikoak nahiz teknikoak ekarriko dizkigu ligaren hedapenak”
Bi pilotariak bat datoz ligak suposatzen duen aurrerapausoaz galdetzean. Arlo fisikoaz mintzo dira, ezer baino lehen. Lekerikaren ustez, “partiduak jokatzea” da baldintza nagusia: “Txapelketa gehiago egoteak lehiaketa minutu gehiago bermatzen ditu; hobekuntza fisikoak nahiz teknikoak ekarriko dizkigu ligaren hedapenak” Erkiagak ere alderdi fisikoa du hizpide, baina gazteena: “Ligak denboraldia luzatuko du, eta puntista berriak ere agertuko dira”.
Iparraldea, ortzimugan.
Bai Ispasterkoak, bai Gernika-Lumokoak uda sasoiko Ipar Euskal Herriko txapelketak dituzte begiz jota: Donibane Lohizuneko Nazioartekoa, Miarritzeko Urrezko Xistera eta Pau Kopa. Hirurak slamak izango dira, puntu aldetik aberatsak. “Masterrak jokatu ondoren, slametarako sailkapen batera igaroko gara, eta, beraz, azken horietara onenak iritsiko dira; mailarik handienetako helburuak izango dira, eta Iparraldeko hirurak helburu ditut”, azaldu du Erkiagak.
Unai Lekerika: “Miarritzeko Urrezko Xisteran beti ondo ibili izan naiz, baina txapela lortzea falta izan zait”
Lekerikak ere Lapurdi aldean du gogoa, zehazki, Miarritzen. Maila handian lehiatu izan du Urrezko Xistera, baina garaipenak beti esku artetik ihes egin dio: “Miarritzeko Urrezko Xisteran beti ondo ibili izan naiz, baina txapela lortzea falta izan zait. Aurten, data hori eta Iparraldeko gainontzekoak gorriz markatuak edukiko ditut”.
Unai Lekerika: “Aurten ere, zelan ez, Gernika Jai Alai Grand Slama urteko helburu handienetako bat izango da”
Denboraldiko “hutsuneak” bete izana da, Erkiagaren iritziz, ligaren ekarpen handiena. “Winter Seriesaren eta udako txapelketen artean, Donibane Lohizuneko All Star lehiaketa besterik ez zegoen lehen. Orain, jarraikortasun handiagoa edukiko dugu; hutsunerik gabeko egutegia izango da”. Gernika-lumotarrak, bestalde, gordeta du “ilusio berezia” egiten dion data bat: uztailaren 20a eta abuztuaren 17a bitarteko Gernika Jai Alai Grand Slama: “Winter Seriesak ez ezik, Gernika-Lumoko beste txapelketa horrek ere izena hartu du egutegian, eta hitzordu garrantzitsua da, gaur egun. Ilusio handia pizten dit etxean jokatzeak; aurten ere, zelan ez, urteko helburu handienetako bat izango da”.
Durangoko Ezkurdik hartuko du ligaren azken txanpa. Lekerikak “lehia estua” iragartzen du, baina bada besteen gainetik ikusten duen puntista bat: “Erkiaga, egun, aurrealdearen erregea da, eta uste dut bertan egongo dela. Lesiotik ondo osatuz gero, Xabier Barandika ere borrokan egon daitekeela uste dut eta, zelan ez, baita agertoki horretan oraintsu irabazi duen Johan Sorozabal ere. Atzealdean, berriz, bere anaia Gorka Sorozabalek ezustekoa eman dezake, oraindik oso gaztea izan arren”.
Aritz Erkiaga: “Liga urteko helburu handietako bat da; Durangoko finalean egon gura dut”
Ispastertarra, bere aldetik, ez da ezkutatzen: “Liga urteko helburu handietako bat da; Durangoko finalean egon gura dut”. Imanol Lopez zumaiarra eta Durangon sendotasun handiz irabazi zion Johan Sorozabal izango dira, Erkiagaren ustez, “hurretik jagon beharreko” puntistetako batzuk.
Jai Alai Ligako egutegia
– Nazioarteko Opena (Miarritze). Urriaren 26tik 28ra.
– Eusko Label Winter Series (Gernika-Lumo). Urriaren 30etik otsailaren 18ra.
– Cesta de Nadau (Pau). Abenduaren 8tik 22ra.
– Lekeitio Jai Alai Master Series (Lekeitio). Martxoaren 23tik 28ra.
– Zumaia Jai Alai Master Series (Zumaia). Apirilaren 1etik 8ra.
– All Star (Donibane Lohizune). Apirilaren 7tik 25era.
– Vitoria Gasteiz Jai Alai Master Series (Gasteiz). Apirilaren 13tik 26ra.
– Bilbao Jai Alai Iron Cup (Bilbo). Maiatzaren 10etik ekainaren 7ra.
– Markina-Xemein Jai Alai Grand Slam (Markina-Xemein). Ekainaren 15etik uztailaren 16ra.
– Nazioartekoa (Donibane Lohizune). Uztailaren 4tik abuztuaren 27ra.
– Urrezko Xistera (Miarritze). Uztailaren 8tik abuztuaren 21era.
– Pau Cup (Pau). Uztailaren 12tik irailaren 6ra.
– Gernika Jai Alai Grand Slam (Gernika-Lumo). Uztailaren 20tik abuztuaren 17ra.
– Lauko finala (Durango). Urrian.