Unai Egia: "Barruan dantzan ditudan ideiak adierazten ditut"
Bere zazpigarren lanagaz dator Unai Egia musikari lekeitiarra. Nabil izen artistikoagaz ‘Margolana’ EPa argitaratu du, Eneko Arruza margolari lekeitiarragaz elkarlanean.
Urtarrilean aurkeztu zenuen Margolana, zure EP berria, herrian. Zer nolako harrera eduki du?
Aurkezpen kontzertua izan zen, eta kontzertu bikoitza, gainera: goizean, Musikaia Musika Eskolako ekitaldian jo nuen, gonbidatu bezala. Arratsaldean, berriz, kultur etxean egin nuen aurkezpen kontzertua, eta aretoa goraino bete zen, jendea zutik… Oso-oso ondo atera zen. Gainera, proiektagailua zegoela aprobetxatuz Aitor Zugadi etorri zen -berak egin ditu Nabilen bideoklip guztiak- eta bideoklip guztiak jarri genituen atzean. Oso ondo egon zen.
Herritarren aurrean aurkezteak zer sentiarazi zizun?
Inor ez da profeta bere herrian, baina, hala ere, oso gustura egon nintzen. Lagunak, familikoak, ingurukoak… etorri ziren eta babestuta sentitu nintzen.
Bost kantuk osatzen dute Margolana, ezta?
Bai, eta bostetik hiru bideoklip egin ditugu. Ikus entzunezkoari ere garrantzia eman nahi izan diot. Margolana abestiaren bideoklipean, esaterako, Eneko Arruza agertzen da koadroa margotzen, eta ni koadro barruan egongo banintza bezala; oso ondo geratu da. Ikusezinak abestiaren bideoklipa, berriz, Ruben Orozcoren eskultura hiperrealista batean oinarrituta egin nuen. Hirugarren bideoklipa Ardura duten gauzak izeneko abestiarena da. Dronarekin, zineko kamarekin… egindakoa da, nahikoa profesionalki. Jon Azkorra dron teknikaria etorri zen grabatzera, eta nola ez, baita Aitor Zugadi ere. Nahiko ikusgarria geratu da.
“Diskoaren kontzeptua elkarlanean egin dut Eneko Arruza margolari lekeitiarragaz”.
Nolakoa izan da diskoa grabatzeko prozesua?
Berrizen grabatu nuen diskoa, Aitor Ariñoren Lorentzo Records estudioan. Ariñok izen handiko talde askoren lanak grabatu ditu, eta berarekin grabatzea sekulakoa izan da. Denak batera grabatu genituen arren, ondoren banan-banan argitaratu ditut abestiak. Gaur egun ez bazara izendun musikari bat, ezin dituzu abesti guztiak batera atera. Abesti bat entzungo du agian jendeak, baina gainontzekoak galdu egiten dira; horregatik argitaratu ditut banaka.
Nondik etorri zitzaizun Margolana egiteko inspirazioa?
Diskoaren kontzeptua elkarlanean egin dut Eneko Arruzagaz. Arruza Lekeitioko margolari bat da, eta Nabilen kontzertu bat entzutera etorri zenean esan zidan zerbait egin behar genuela elkarrekin, bere margotzeko estiloak eta nire musikak oso ondo bat egiten zutelako. Hitza hartu nion, eta lehenengo Margolana izenarekin maketa bat egin nuen, jakinda, Arruzak parte hartuko zuela. Horrez gain, bakardadearen inguruko abesti bat, seme-alabei eskainitako beste bat, amodiozko beste bat eta itsasoko herentziari buruzko beste bat idatzi nituen. Abestiak Arruzari bidali nizkion, eta berak bueltan koadro bat bidali zidan. Letretan natura asko agertzen da, eta berak bidali zidan koadroan hiri bat agertzen zen, siluetekin. Esan nion ez zidala gehigi konbentzitzen, baina, berak esan zidan ez zuela zerbait nabaria egin nahi izan, eta koadroan zeuden siluetak izan zitezkeela abestietako pentsamenduak, ardurak, oroitzapenak… Horrek forma eman zion lanari, eta orain abestiak horretan pentsatzen abesten ditut. Beraz, elkarlanean sortu dugun zerbait izan da: nik abestiak eta berak kontzeptua.
Oholtza gainera zu bakarrik igotzen zara. Nola moldatzen zara dena bakarrik egiteko?
Abestiak grabatzerako orduan ere kontuan eduki dut kontzertuetan bakarrik egongo naizela. Hankako bonboa eta pandereta erabiltzen ditut, batzuetan baita gitarra elektrikoa ere. Horrez gain, looperrak erabiltzen ditut zatiak grabatzeko. Horregatik, ez dizkiot sartu apaingarri asko abestiei. Hori zaintzen saiatu naiz. Rock oinarria dauka, baina garrantzia letrei eta melodiei eman diet gehienbat. Asko ensaiatu behar dut zuzenekoetarako. Gitarra eta ahotsa gutxi gorabehera automatikoki egiten ditut, eta gainontzekoa da gehien ensaiatzen dudana: noiz zapaldu bat, noiz bestea…
“Hau zazpigarren lana da. Aldaketa asko egon dira hasieratik hona”.
Zer nolako doinuak entzun daitezke EP berrian?
Nahiko musika melankolikoa egiten dudala esango nuke. Abesti batzuk biziagoak dira, baina bai, melankoliatik idazten dut normalean. Saiatzen naiz hizkuntza poetikoa erabiltzen, eta neure mundutik idazten dut askotan. Azkenean, barruan dantzan ditudan ideiak adierazten ditut.
Youtuben bideklipez gain, Abestien barrua arakatzen izeneko atala daukazu abestien esanahia azaltzeko.
Bai, abestiak banan-banan azaltzen ditut. Lau egin ditut eta azkena falta zait. Azaltzen dut apur bat zelan sortu ziren, zeri buruz diren… Horrez gain, gitarra tutorial batzuk ere egin nituen. Guzti hori diskoa apur bat mugitzeko asmoz egin dut.
Ibilbide luzea egin duzu Nabilegaz.
Bai, hau zazpigarren lana da. Aldaketa asko egon dira hasieratik hona. Musikalki, esaterako, azken bi diskoak oso desberdinak dira. Orain rock formatua da baita ere, baina ni bakarrik egoten naiz zuzenekoetan, eta horixe da egiten dudan apustua: ez da soilik gitarra kontzertu bat, gauza asko ikusten dituzu kontzertu bakar batean.
Aurrera begira, zeintzuk dira dituzun asmoak?
Kontzertu gehiago emateko asmoa daukat, udaberritik aurrera edo, eta horiek lotzen ari naiz. Horrez gain, esku artean beste proiektu bat daukat, baina, zoritxarrez, oaindik ezin dut ezer esan. Proiektu nahikoa potentea da. Pista bat: Belearekin du zerikusia, baina, ezin dut gehiago esan.