Haimar Etxeberriak irabazi du 43. San Gregorio Saria
Gaur [martxoak 16] lehiatu dute Euskaldun Kopako laugarren lasterketa Lea-Artibaiko errepideetan. Sari banaketaren ostean, Aitor Elordiri merezitako omenaldia egin diote iaz irabazitako bi txapelengatik
Berriatuko San Gregorio Saria ikuskizunaren sinonimoa da. Lasterketa preziatua da zirkuituan, adibidez, herriko kaleetan ikusi ahal izan da besteak beste Chente Garcia Costa Movistar etxeko zuzendarietako bat Gainera, gaur [martxoak 16] bezalako egunetan, eguraldiak ezin du bizikleta gainean ibiltzeko gehiago lagundu. 43. San Gregorio Sariak “gogortasuna eta bizitasuna” uztartu ditu. Hain zuzen ere, bizi joan da lasterketa eta Berriatuko Txirrindulari Elkarteak aurreikusi baina arinago amaitu da lasterketa. Arintasunaren seinale argia.
Asterrikako azken igoera zuten txirrindulari guztiek buruan, eta espero bezala, garrantzitsua bakarrik ez, erabakigarria izan da. Nil Aguilerak, Mikel Uncillak eta Gari Ugartek osatu dute eguneko ihesaldia. Minutu bat inguruko tartea zabaltzea lortu dute, baina tropela gogotik hasi da lanean, Miloiko ganean batez ere, eta Berriatuako azken aldiz pasatzerakoan 30 segundoko abantaila zuten bakarrik.
Asterrikako igoera bakarrik falta zitzaien denei. Finisher Kern Pharmari ezin hobeto atera zaio estrategia, gainontzekoen lan egin behar izan dute ihesaldia harrapatzeko eta azkenean haiek jo dute kolpea. Begi asko zituen gainean Etxeberriak, sasoiko baitago Espainiako eta Frantziako Kopako liderra da eta denboraldi hasiera bikaina egiten dago. Asterrika amaitzeko kilometro baten faltan, aldaparik gogorrenetan, jo du erasoa eta bakarkako abenturari hasiera eman dio, ez du aurkaririk izan eta nagusitasunez bakarrik heldu da helmugara.
Caja Ruraleko Adria Regada heldu da bigarren zazpi segundora eta jarraian Laboral Kutxa Euskaltel Fundazioko Ander Ganzabal. Markina-Xemeinen irabazi zuen Iñaki Trujillo mantentzen da Euskaldun Torneoko lidergoan, berak jaso du mailot urdina.
IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN
Ondo ezagutzen ditu Etxeberriak Lea-Artibaiko errepideak juniorretan ere garaipena lortu baitzuen, 2021eko Aitxekutz saria irabazi zuen. Lasterketa “lasaia” izan dutela aitortu du irabazleak, taldekide batekin ihesaldian ez dutelako tropelean lan egin behar izan: “Talde lan bikaina egin dugu, lehenengo Gimenok ihesaldi ona harrapatu duelako, eta gero nik taldearen lana borobildu ahal izan dudalako. Indartsu nengoen eta argi nuen erasoa jo behar nuela, nahiz eta begirada asko gainean izan. Bakarrik alde egitea lortu dut eta helmugan ospatzeko denbora izan dut”.
Merezitako omenaldia. Sari banaketaren ostean, Berriatuko Txirrindulari Elkarteak omenaldi berezia egin nahi izan dio Aitor Elordi pilotariari. Berriatuan bizi izan den pilotariak iaz banakako eta binakako txapelak irabazi zituen eta herriak bere erara merezitako omenaldia eskaini nahi izan dio.
Horrez gain, Berriatuko Txirrindulari Elkarteak laguntzaile moduan aritu diren 50 pertsona ingururi eskerrik beroenak eman nahi izan dizkio. “Haiek barik ezingo genituzke lasterketak aurrera eraman eta herrian dugun laguntza ikaragarria da eta egunero eskertu beharrekoa”.