500 haritz landare banatu dituzte Ziortza-Bolibarko basogintza jardunaldian
Barikuan [martxoak 15] Ziortza-Bolibarren elkartu ziren herriko, eskualdeko nahiz inguruko herrietako 60 lagun inguru. Udalak balorazio positiboa egin du: "Helburuak bete ditugu".
Ziortza-Bolibarren elkartu ziren barikuan [martxoak 15] herriko nahiz inguruetako biztanleak basogintza jardunaldiko hitzaldiak entzuteko asmoz. Hain zuzen ere, 60 izan ziren hitzaldietan parte hartu zutenak; Ziortza-Bolibarko Udalak parte hartze aldetik balorazio ona egin du: “60 lagun inguru egon ginen, eta horietatik 45ek eman zuten aurretik izena. Asistentzia aldetik orokorrean balorazio ona egiten dugu, izan ere, gela bete egin zen”.
Udalak jakinarazi du bertaratu zirenen artetik 36 izan zirela baso jabeak: horietatik hogei herritarrak edo herrian baso lurra dutenak, hamabi Lea-Artibai eskualdekoak, eta lau eskualdetik kapokoak, Mallabia, Mendata, Fika eta Zeanurikoak.
Gaineratu dute baso jabe eta herritarrak ez ezik, eskualdeko hainbat instituzioetako ordezkari eta alkateak ere bertan egon zirela: Joseba Goienola Lea-Artibai Fundazioko presidentea eta Berriatuko alkatea, Arkaitz Goikoetxea Munitibarko alkatea, Nerea Urrutibeaskoa Lea-Artibai Landa Garapeneko teknikaria eta Aitor Omar Bizkaiko Foru Aldundiko goi teknikaria. Horiez gain, Berriatuko Hostozabal baso elkarteko ekintzaileak eta Mutrikuko Natura Taldeko kideak ere bertan izan ziren.
Hori horrela, lau hizlari entzun zituzten bertaratu zirenek: Ibai Zubizarreta Bizkaiko Foru Aldundiko basozaina, Ander Perez de Lastra Uraren Euskal Agentziako teknikaria, Markel Arriolabengoa Tantai Baso Jabe Kooperatibako Baso Ingeniaria eta Sergio Gallego Lurgaia Fundazioko ingurugiro kontseilaria.
Haritzak, opari. Hitzaldira bertaratu eta hala behar dutenei hartiz landareak oparitu zizkien udalak. Guztira hamalau baso jabe izan ziren haritz landareak etxera eroan zituztenak; horietatik hamar herriko baso jabeak. Udalak jakinarazi du barikuan [martxoak 15] guztira 500 hartiz landare banatu zituztela eta aste honetan beste 100 banatuko dituztela; herritarrak jada landatzen ari dira.
Udalak gaineratu du parte hartzearen balorazio positiboaz gain, jardunaldiarekin zituzten helburuak bete egin direla: “Aurrerantzean ideia hauek zelan aurrera eraman aztertzen jarraituko dugu. Herriko lurra kalitatezkoa izan dadin lanean dihardugu, etorkizuneko lehorteak saihestu lurra prestatzen jarraituko dugu, eta baso jabeekin elkarlana bideratuko dugu”.