Gero eta gertuago dago 23. Korrika Lea-Artibai eta Mutrikutik
Korrika heldu aurretik, Korrika Txikiek berotuko dute giroa. Ostean, berriz, txokolatada egingo dute hainbat herritan. Autobusak antolatu dituzte Markina-Xemein, Lekeitio eta Ondarroatik.
Irunen abiatu zen 23. Korrika joan den eguenean [martxoak 14], eta ehundaka kilometroren ostean, gero eta ordu gutxiago geratzen dira Korrika eskualdera heldu dadin.
Hain zuzen ere, etzi [martxoak 20] Debabarrenako herriak pasa ondoren Mutrikutik helduko da Korrika Lea-Artibaira. Hala ere, horren aurretik giroa bero egongo da; umeak protagonista, Korrika Txikiek hartuko dituzte eskualdeko herrietako kaleak.
Mutrikun bihar [martxoak 19] 15:30ean elkartuko dira umeak, eta Goizeko Izarratik abiatuko da Korrika Txikia. Etzi [martxoak 20], berriz, Lekeition izango dira goiztiarrenak, eta 10:45ean abiatuko da Korrika Txikia, anbulatorio ingurutik. Markina-Xemeinen, berriz, 11:00etan irtengo dira umeak San Agustin ermitaren ingurutik. Goizagaz amaitzeko, 12:00etan irtengo dira Ispasterko ume eta gaztetxoak, eskola aurretik. Eguerditik aurrera, berriz, Aulestin 15:00etan eskolatik hasiko dute ibilbidea eta Amoroton 15:15ean, kanposantu ingurutik.
Korrika Txikiekin giroa ondo berotu ostean, 23. Korrikari harrera egiteko egitarau oparoa antolatu dute eskualdeko herrietan. Gizaburuagan, esaterako, 18:00etan elkartuko dira herritarrak, marrazkiak egin eta petoak margotzeko. Aulestin, berriz, Korrika Txikiaren ostean plazan elkartuko dira herritarrak, eta 16:00etatik aurrera animazioa egongo da: umeentzako ekintzak, karaokea…
Lekeition, berriz, 17:00etan emango diete hasiera ekintzei, Atean. Hain zuzen ere, LH3tik DBH2rainoko ikasleek abestu eta dantzatu egingo dute. Guztira 100 ume inguruk eman dute izena, eta 19 talde desberdinetan banatuta egingo dituzte ikuskizunak. Aldi berean Mandaskan murala margotuko dute ume eta helduek; edozeinek parte hartu dezakeela jakinarazi dute.
Korrika pasa ostean, berriz, txokolatadak izango dira protagonista nagusiak Aulestin, Gizaburuagan eta Markina-Xemeinen. Azken honetan, gainera, Etxebarria aita-semeek alaituko dute arratsaldea, trikiti doinuen erromeriagaz.
Autobusak Baionara. Bestalde, domekan [martxoak 24] Baionan emango ditu azken pausuak 23. Korrikak, eta bertara joateko autobusak antolatu dituzte eskualdeko hainbat herritatik. Lekeitiotik 08:30ean irtengo da autobusa, Markina-Xemeindik, 08:45ean, eta Ondarroatik, 09:00etan. 15 euroren truke eman daiteke izena Markina-Xemeingo Opela tabernan eta Ixaie dendan, Lekeitioko Egunsenti tabernan eta Ondarroako Korrika dendan eta AEK euskaltegian.