Denetariko ekimenak dakartza Udaberriko Agendak
Munitibartarrek Udaberriko Agendaz gozatu ahalko dute martxoaren 20tik maiatzaren 24ra bitartean.
Munitibarko Udalak, herriko talde zein eragileekin elkarlanean, Udaberriko Agenda argitara eman du. Martxoa eta maiatza bitartean, herritarrek eta bertaratzen diren guztiek denetariko kultur ekimenez gozatzeko aukera paregabea edukiko dute. Eguaztenean [martxoak 20] edukiko du agendak lehendabiziko geralekua: herriko eskolak antolatuta, Zertara jolasten zuten lehen herritarrek? izeneko saioa emango dute, eskolan bertan. Gainera, 16:00etan, herriko plazan elkartuko dira munitibartarrak, Korrikagaz bat egiteko.
Apirilean, hitzordu bi edukiko dituzte aukeran. Batetik, irakurketa txokoa egingo dute, Oso latza izan da liburua aztertzeko. Lanaren egilea, Xabier Mendiguren, bertan egongo da eta, horrenbestez, obraren nondik norakoak egilearen eskutik ezagutuko dituzte. Eguna oraindik ez dute zehaztu, baina informazio gehigarria “laster” zabalduko dutela iragarri dute udaletik. Apirilaren 28an, 13:00etan hasita, Txerokiak taldeak euskal kantekin girotuko ditu herriko tabernak. Goizago, 11:00etan, III. Udaberriko Azoka egingo dute frontoian, 15:00etak arte.
Maiatzean, hilaren 11n, Lea-Ibarreko Umeen Eguna egingo dute. Gainera, 10etik 17ra bitartean, komiki erakusketaz gozatzeko aukera egongo da. Tarte horretan, gainera, udal liburutegian Hona bostekoa! egitasmoa egongo da, Udalbiltzaren Geuretik Sortuak ekimenak sustatua; 16:00etatik 20:00etara artean izango da azken hori. Maiatzaren 24an, berriz, Matematika, hezkuntza eta generoa gurutzatzen diren tokiak: Kartografia bat izeneko berbaldia emango dute, 16:00etatik 20:00etara artean. Uzuri Albizu Mallea matematikaria izango da hizlari lanetan ariko dena.
Etortzeko daudenak.
Udaberriko jarduerez gain, udari begira ere ipini dira munitibartarrak. Izan ere, uda sasoian egingo dituzte jaien berri eman dute. Aurten, beste behin, San Joan Bezpera egingo dute ekainaren 23an; San Pedro jaiak, ekainaren 28a eta 30a bitartean; San Kristobal jaiak, uztailaren 14an; azkenik, Andramari jaiak ere ospatuko dituzte, irailaren 6a eta 8a artean.