Goi-goitik ospatu dute Markina-Xemeingo zesta-punta jaialdia
Markina-Xemeingo Uni frontoian elkartu ziren domekan [martxoak 17] herriko nahiz inguruetakoak. Antolatzaileak pozik geratu dira lortutakoagaz: "Jende asko etorri zen eta dena ondo atera zen".
Markina BHIko 4. DBHko ikasleei gero eta gutxiago geratzen zaie ikasbidaiara joateko. Hain zuzen ere, domekan [martxoak 17] zesta-punta jaialdia antolatu zuten Markina-Xemeingo Uni frontoian, eta erantzunagaz oso pozik geratu dira antolatzaileak: “Dena ondo atera zen. Sarrerak, zozketarako txartelak… denak ondo saldu genituen, eta baita jan-edana ere. Behar dugun dirua lortu dugu”.
Eskolako eta inguruetako puntistak elkartu zituzten frontoian. Horiez gain, profesionalen partida bat ere eduki zuten; hain zuzen ere, Javier eta Salegi aritu ziren Alexen eta Ibarluzearen aurka. Javierrek eta Salegik irabazi zituzten bi setak.
Hori horrela, eskerrak eman nahi izan dizkiete antolatzaileek bertaratu ziren eta antolatzen lagundu zieten guztiei: “Eskerrak etorri ziren denei eta lagundu ziguten denei. Jende asko etorri zen eta dena ondo atera zen”.