Maila handia eta jarraipen ona, lehen jardunaldian
Gizonezkoen Euskal Herriko Elite Mailako Zesta-Punta Txapelketako lehendabiziko jardunaldia lehiatu dute Miruaitzen. Bigarren jardunaldia barikuan [martxoak 22] lehiatuko dute.
Gizonezkoen Euskal Herriko Elite Mailako Zesta-Punta Txapelketa abian da. Mutrikuko Miruaitz pilotalekuak ligaxka faseko lehendabiziko saioa hartu zuen iragan barikuan [martxoak 15], eta ikuskizunak ez zuen inondik inora hutsik egin: puntistek maila handia eta jarrera aparta erakutsi zituzten, eta frontoiko harmailak dezente bete zituzten ikusleek beraien berotasuna eman zieten. Iazko arrakastaren ondoren, Mutrikuk berriro hartu du aurten elite mailako lehia, edukitako eta daukan sona ona tarteko. Miruaitzi bikain egokitzen zaion ekuazioa da, Mutrikuri doi-doi moldatua.
Barikuko jardunaldian, A eta B multzoetako bina norgehiagoka lehiatu zituzten. A multzokoei dagokienez, Zelaiak eta Bailok 30-25eko markagailuagaz irabazi zieten Txanika eta Mandiolari. Hurrengo neurketan, Antxon-Uranga bikoteak Cosmek eta Susok osatutakoari 30-21 irabazi zion. B multzoko partiduei dagokienez, Urreistik eta Manzik osatutako bikotea arrakala barik, sendotasun osoz, agertu zen, Aaron eta Atain 30-27koagaz menperatuz. Goitiak eta Lekuek markagailu berberagaz poltsikoratu zuten garaipena Hernanez eta Cabanillasen kontrakoan.
Bigarren jardunaldiari begira.
Partiduen batez besteko baila “oso handia” izan zela nabarmendu dute antolatzaileek, eta pilotariek “zesta-punta jardunaldi ederra” eskaini zutela adierazi dute. Hurrengo barikuan [martxoak 22], 19:00etan, bigarren jardunaldiari ekingo diote Miruaitzen. Ondorengo partiduak lehiatuko dituzte: Txanika-Suso Cosme-Mandiolaren aurka, Zelaia-Uranga Antxon-Bailoren kontra, Urreisti-Cabanillas Hernandez-Manziren aurka, Aaron-Lekue Goitia-Atainen kontra.