Markina-Xemeingo Beti Jai jubilatuen elkarteak zuzendaritza taldea aldatu du
Batzar orokorra egin dute elkarteko kideek, eta hurrengo urteetarako zuzendaritza taldea aldatu dute.
Beti Jai elkarteko 32 kide elkartu ziren zapatuan [martxoak 16] batzar orokorra egiteko asmoz, eta aktan jaso bezala, zuzendaritza taldea berritu dute.
Presidentea ez dute aldatu, Belen Ibarzabalek jarraituko du postu horretan. Horrez gain, bost kidek utzi eta beste bost sartu dira. Kristina Jaio, Julen Maruri, Tomas Ibaibarriaga, Miguel Angel Baskaran eta Andoni Ozerinjauregi irten dira zuzendaritza taldetik. Talde berria, beraz, hala osatu dute: Belen Ibarzabal, Elena Gisasola, Maria Rosario Jaio, Izaskun Mendizabal, Saturnino del Pozo, Ana Jesus Alberdi, Garate eta Montse Irusta.
Zuzendaritza taldea berritzeaz gain, iaz egindako ekintzen balorazioa egin zuten: “Guk lana egin dugu, eta jendea gustura aritu da ekintzetan. Gauza asko egin ditugula esan digute; talde berria ere indar handiarekin etorri da, eta oso langileak dira. Oso ondo eroaten dituzte gauzak, eta uste dugu euren lana ondo egingo dutela. Talde zaharrekoak edozertan laguntzeko prest gauden arren, uste dugu eurek oso ondo eroango dituztela kontu denak”.
Beraz, errelebora hurrengoei pasata, iaz egindako ekintzez gain berriak ere egotea espero dute: “Iazko ekintzek jarraitu egingo dute, baina zuzendaritza taldea berria denez, espero dugu ekintza berriak ere egotea. Ziur esan dezakegu iazkoak errepikatuko direla, baina gauza berriekin”.
Hori horrela, hurrengo hitzordua bihar [martxoak 20] dute. Izan ere, 23. Korrikako kilometro bat dute Beti Jaiko jubilatuek, eta eurei egokitu zaien tokira joateko 15:00etan Beti Jai elkartean elkartuko dira: “Ibilaldi txiki bat eginez gure kilometrora joango gara, gutxi gorabehera Iriondo Kanteraraino. Korrika heltzen denean gure pausuan egingo dugu korrika, beraz, herriko jubilatu denei etortzeko deia luzatzen diegu”.