Azkue Lekeitioko Natura Ikastolak euskaldunen historia islatzen duen abestia kaleratu du
Iaz hasi ziren abestiagaz lanean, eta Korrika datorrela aitzakiatzat hartuz, 'Eus geurea' abestia kaleratu dute. Bi gazte madrildarrek parte hartu dute abestiaren produkzioan, eta baita abesten ere.
Aurreko ikasturteko lanek fruituak eman dituzte Azkue Lekeitioko Natura Ikastolan. Iaz hasi zen euskara batzordea eusle izatearen beharraren inguruan kanpaina desberdinak egiten, eta hari horri tiraka, abesti bat argitaratu berri dute. Hain zuzen ere, iaz eus familiak kanpaina jarri zuten martxan, eta horren ostean, gazteengana nola heldu hausnartzen aritu ziren.
Hori horrela, musikaren aldeko apustua egin zuten, eta Madrileko bi gazterekin elkarlanean sortu dute abestia: “Gurekin harremana dute duela urte askotatik Madrileko familia batzuek, eta beti eduki dute Euskal Herriarekin eta euskararekin elkartasuna. Urtero etortzen dira Lekeitiora, eta familia horietako bi gazte prest agertu ziren proiektuan parte hartzeko”. Horri heldu, eta Lua Miguez eta Unai Diaz madrildarrek egin dute Eus geurea abestiaren produkzioa. Letra berriz, Leire Goitiak egin du, eta irudia, Eñaut Eigurenek.
Eus geurea izenagaz, beraz, euskaldunen historia islatu nahi izan dute, lau koplatan: “Akelarreari egiten diogu aipamena, eta garaiko debekuei zelan aurre egin genien. Aipatzen dugu, baita ere, frankismoaren trantsizio garaian zelan gazteek egin zuten hautua gure izatea defendatu eta euskara erabiltzeko”. Horrekin batera, nola ez, eusle izatearen beharra azpimarratu dute: “Guk gurea ez badugu defendatzen, nork defendauko du?”.
Madrildarrak, euskaraz. Miguezek abestiaren produkzioan parte hartzeaz gain, abestu ere egin du: “Ez daki euskaraz, eta meritua dauka horrela abestu izanak. Kuriosoa izan da grabaketa. Nik letra idatzita bidali nien, eta horrez gain, baita audioa ere, ahoskera eta horrelako kontuak lantzeko. Ostean, kopla baten doinua sartu genuen, eta beste grabaketa bat bidali genien abesten, eurek mozketak nun egin zitzaten ikusteko”. Zailtasunak zailtasun, esperientzia “oso ona” izan dela azpimarratu dute: “Hasiera hasieratik inplikatuta egon dira proiektuan, nahiz eta Madrildarrak izan. Madrilekin dagoen mamu horri aurre egin diogu, izan ere, errealitatea ez da uste duguna eta badago elkartasun handia erakusten duenik ere”.